Zirrara eta umorea beste behin ere ziurtatuta egon dira Galbaixotako Bertso Jaialdian
Zabiel Plaza bete egin dute Mutriku eta inguruko herrietako zaleek. Ekainean zendutako Iñigo Andonegi bertsozale mutrikuarra omentzeko ere baliatu dute saioa.
Arrakastatsua izan da Mutrikuko Bertso Eskolak bariku [irailak 10] gauean eskainitako Galbaixoetako bertso jaialdia. Beste behin ere, zirrara eta umorea ziurtatuta eduki zituzten Zabiel Plazara hurreratu ziren bertsozaleek. Antolatzaileen esanetan Nerea Ibarzabal, Aitor Mendiluze, Jon Maia eta Agin Laburu bertsolariek ordu eta erdi inguruko saio ederra eskaini zuten. “Oso ondo joan zen dena. Aldez ezarritako aforoa bete egin zen eta bertaratu zen jendea ere gustura ikusi genuen”.
Ohiko formatu tradizionalean egin zuten jaialdia. Banaka, binaka, neurri txikian, puntu erantzunean… eta amaieran puntuka ere aritu ziren bertsolariak. Jarritako gaiei dagokienez, herrian eta inguruetan azken hilabeteetan gertatutako kontuak errepasatu zituzten. “Bertsolarietako batzuk Mutriku eta inguruak ondo ezagutzen dituztela erakutsi zuten”.
Bertso saioaren lehen zatian gai serioagoak proposatu zituen Unai Belaustegi saioaren gai jartzaileak. Bigarren zatian, berriz, umore aldetik ekin zieten saioari. Urteroko ohiturari jarraituz, Mutrikuko herri hizkerako hitzen eta arrantza tresnen esanahia ere asmatzen saiatu behar izan zuten bertsotan. “Bertsolarien ateraldiekin gozatzeko aukera ederra eduki zuten bertaratuek”.
Jaialdia, gainera, ekainean zendutako Iñigo Andonegi bertsozaleari omenaldi xume bat egiteko ere baliatu zuten. “Saioan parte hartu zuten lau bertsolariek berari eskainitako bertso batzuk abestu zituzten. Bertso Eskolaren eta herrigintzaren alde egin duen lan guztiagatik, gure eskerrik beroena adierazi nahi izan genion Iñigori modu honetara. Bertsozale handia zen, gainera. Bertso paper lehiaketetan, esaterako, urtero parte hartzen zuen, eta hainbat aldiz ere irabazi zuen”.