Berriro kaleak hartzeko deia egin dute Ondarroako eta Mutrikuko pentsiodunek
Datorren astelehenean egingo dute uda osteko lehen mobilizazioa. Bi udalerrietako herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Asteroko mobilizaziekin hasiko direla iragarri dute Ondarroako eta Mutrikuko pentsiodunen mugimenduko kideek. Hiru hilabateko etenaldiaren ostean, astelehenean [irailak 20] egingo dute uda osteko lehen elkarretaratzea. “Eskualdeko beste herrietan dagoeneko hasita daude asteroko elkarretaratzeekin. Baina uda aurreko azken elkarretaratzean denon artean hala erabakita, irailaren 20an hastea erabaki genuen”.
Ohiko ordu eta lekuetan batuko dira. Ondarrutarrek 12:00etan Alamedan daukate jarrita hitzordua. Mutrikuko pentsiodunak, berriz, Goiko Plazako eskaileretan batuko dira, ordu berean. Bi udalerrietako herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko gonbitea luzatu diete.
Euren aldarrikapenei eusten diete. Ohikoa den modura, pentsio sistema propio, publiko eta duin bat eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen jarraitzen dute. Borrokan jarraitzeko nahikoa arrazoi dituztela iritzita, oraindik ere asteroko elkarretaratzeekin jarraitzea premiazkoa dela azpimarratu dute. “Gure eskakizunak lortu arte borrokan jarraituko dugu. Gure helburua pentsiodunen eskubideak bermatzea da. Batez ere, gure seme-alaben eta iloben etorkizuneko pentsio duinak ziurtatu nahian gabiltza borrokan”.
Udako atsedenaldiaren ostean “indarberrituta” datozela ere esan dute, baina kezka ere erakutsi dute. “Udazkena oso gogor dator. Aurrerapauso batzuk eman badira ere ez dugu etsi behar. Guk argi daukagu mobilizazioen bitartez lortu behar direla gure eskakizunak”.