Bi eguneko greba deitu dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek
Irailaren 23an eta 24an egingo dituzte lanuzteak. Langileentzako baldintza hobeak lortuta, zerbitzuak "kalitatean irabazi" egingo lukeela nabarmendu dute.
Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen egoerak okerrera egin duela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Azpimarratu dutenez, langileek aspalditik martxan daukaten borroka prozesuaren jarraipena besterik ez da greba deialdia. Hain zuzen ere, hiru urte daramatzate beren lan baldintzak hobetzeko eskatzen. Egoera larri horri lehenbailehen irtenbidea emateko nahiarekin beste bi greba egun deitu dituzte. Irailaren 23an eta 24an egingo dituzte lanuzteak. “Egun horietarako antolatu diren mobilizazio eta ekimenetan parte hartzeko deia egiten dugu. Egoera irauli nahi badugu ezinbestekoa izango da denon inplikazioa “.
Egoitzetako langileek ez ezik, zaintzak jasotzen ari diren egoiliarrak ere “prekarietate egoeraren” ondorioak jasaten ari direla jakitera eman dute. Langileentzako baldintza hobeak lortuta, zerbitzuak “kalitatean irabazi” egingo lukeela nabarmendu dute, horregatik bi greba egun horietan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.
Aldundiak langileen eskaerak ukatzen jarraitzen duela ere salatu dute
Osasun larrialdia dela eta, Gipuzkoako zaharren egoitza gehienetan aurretik larria zen egoera “jasanezina” bihurtu dela esan du LABek. “Gehiegizko lan kargak eta egoiliarrei behar duten zaintza eskaintzeko denbora falta, soldatak arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten dute sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, opor egunez gozatzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak… Langileen eskubideen urraketen adibide argiak dira horiek guztiak”.
Egun egoitzetan bizi den egoera “zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarizazioaren eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa ezaren” ondorioa dela nabarmendu du, eta “publifikazioaren alde” egin du. Gipuzkoako egoitzetako langileen lan hitzarmenaren negoziazioa “berraktibatu” eta gatazka “desblokeatzeko momentua” dela diote.
Aldundiak langileen eskaerak ukatzen jarraitzen duela ere salatu du ELAk. “Pentsaezina eta onartezina da gobernu demokratiko batek gatazkan dauden langileekin biltzeari uko egitea, are gehiago hain oinarrizkoa den zerbitzua eskaintzen dutenean”. Bien bitartean, langileen eta egoitzetako egoera “gero eta larriagoa” dela, “langile homologatuen faltagatik eta lan karga jasanezinengatik”.