Nicolas Garcia: "Turismo jasangarriaren arloan prestakuntza jasotzeko interes handia dago"
Besteak beste, Urdaibai-Busturialdeko garapen ekonomikoa ezin dela bakarrik turismoan oinarritu dio Urdaibai Patronatuko zuzendariak.
Turismo jasangarriaz berba egiten ari garenean, zertaz ari gara? Zeintzuk dira turismo jasangarriaren oinarriak? Eta helburuak?
Turismo jasangarriaren helburua da lurralde bateko hiru ardatz nagusiak modu orekatuan garatu ahal izatea. Ardatz horiek turismoaren ondorio ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak dira. Ekonomian, tokiko herritarrek enplegua eta diru-sarrerak izatea bilatzen du turismo jasangarriak. Ondorio sozialei dagokienez, turismoak tokiko kultura errespetazea eta horretan ahalik-eta eragin txikiena izatea bermatu behar du; bisitariak lurraldea mirestu eta haren komunitatearen parte sentitzea ere bilatzen du. Izan ere, hori da helmuga turistiko bat errespetatzeko eta zaintzeko lehenengo pausoa. Turismo jasangarriak inguruneari mesede egiteko baliabide turistikoen ustiapen arduratsua bultzatzen du. Gainera, tokiko herritarren eta enpresen inplikazioa lortzea nahitaezkoa dela azpimarratu nahiko nuke. Turismo jasangarria bultzatzea guztion artean partekatu beharreko konpromisoa da.
Urdaibaiko Patronatutik, zer pauso eman dira azkenengo urteetan?
2019. urtean hasi ginen lanean turismo proiektu bateratu bat abian jartzeko. Alde horretatik, Urdaibai Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari (TJEG) atxikitzeko prozesuan sartu ginen. Urdaibai babesgune modura akreditatzeko I. fasea aurten bete dugu eta II. faseari ekin diogu: jasangarritasuna eta lankidetza lantzen dituzten turismo-enpresak gutunari atxikitzea. Aitorpen honek enpresaren eta babestutako gunearen arteko benetako lankidetza bermatzen du. Lorpen hau Urdaibaiko administrazio publiko, erakunde eta enpresa turistikoen arteko lankidetza aktiboari esker izand da.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbak turismo helmuga jasangarriaren Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako lehen ziurtagiria jaso zuen uztailean. Zer suposatzen du horrek?
Aitorpenak beste edozein kalitate-marka bat baino askoz gehiago suposatzen du. Izan ere, Urdaibai Biosfera Erreserbak datozen bost urteetarako turismo jasangarriaren garapenean sustatzeko hartzen duen konpromisoa erakusten du. Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna Europako gune babestuetan aplikatzen da, garapen jasangarria eta turismo-kudeaketa hobetzeko helburuagaz. Aintzatespen honek hiru atxikitze fase ditu. Urdaibai lehen biei atxikita dago: espazioaren eta enpresen atxikimenduari. Hirugarren fasean, bidaia antolatzaileak eta agentziak izango dira atxiki ahal izango direnak.
Turismo jasangarriaren kultura badago gizartean? Jendeak badaki zer egin behar den jasangarritasuna bultzatzeko?
Eskualdea Europako gutunean atxikitzeko ekimena bertan sortu zen. Enpresarien eskaria izan zen, eta gehienek, Urdaibaiko biztanleek bezala, lurraldea zaintzeko eta babesteko kultura daukate. Profesionalki, turismo jasangarriaren, gune babestuen eta natura ondarearen arloan prestakuntza jasotzeko interes handia dago. Dagoeneko, hamasei turismo enpresa daude atxikiturik Gutunaren II. fasean: Portuondo kanpina, Astobieta landetxea, Aretxurieta landetxea, Hemmingway Kanala House, Atxurra Hotel-Ade rural, Gametxo hotela eta UrdaibaiKm0 apartamentuak izan dira ostatu sektorean ziurtagiria jaso dutenak; turismo aktiboko enpresei dagokienez, Laga surf Camp, Ur Urdaibai, Izkira, Ekobideak eta Europa Berria; eta Nekazaritzako elikagaien sektorean, berriz, Itsasbela, Udastia, eta Bodemonte. Lehen txanda honen ostean, enpresa gehiago jarriko ditugu TJEGan atxikitzeko bidean. Identifikatuta ditugu hamar enpresa inguru.
Ingurumenaren kontserbazioa oinarri hartuta ekonomia bultzatzea da zuen asmoa. Ze proiektu dituzue martxan?
Urdaibai-Busturialdeko garapen ekonomikoa ezin da bakarrik turismoan oinarritu. Biosfera Erreserbaren eta eskualdearen garapena ardatz desberdinetan banatu behar da. Gaur egun, Urdaibain eskumena duten administrazioekin eta eskualdeko trakzio enpresekin lankidetzan, garapen ekonomikorako estrategia bat lantzen ari gara. Eskualdearen garapenean benetako aukera duten bertako sektoreak bultzatu eta enpresak Urdaibain garatzea bultzatu behar dugu. Etorkizunean garatu beharreko ardatz estrategikoak zehaztu behar ditugu. Era berean, balio erantsi handiko proiektuak sustatzen, atxikitzen eta erakartzen dituzten ekintzailetza ekimenak sustatzeko beharra daukagu, etorkizunean aukerak eduki ahal izateko.
Ekintzen bidez, Urdaibaiko ingurunea ezagutzeko eta balioan jartzeko lan egiten duzue.
Biosfera Erreserbak esperimentazio espazioak dira. Urdaibai ere, laborategi egokia da garapen jasangarriko ereduak ezartzeko jardunbide egokiak esportatzeko edota probatzeko. Ekoetxeak eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak ingurumen hezkuntza eta sentsibilizaziorako jarduerak eskaintzen dituzte, bai eta natura eta kultura ondarearen ezagutzan sakontzen duten jarduerak ere.
Mugikortasun jasangarria bultzatzeko helburuz eskualdeko iriste erraztasuna hobetzen ari zarete.
Urdaibaiko hiru ertzetan oinezkoentzako bide bat jartzea da gure apustu handietako bat, Urdaibaiko landa guneen arteko oinezkoentzako lotura ahalbidetzeko, mugikortasun jasangarria sustatzeko eta natura eta kultura ondarea balioan jarri eta interpretatzeko tresnak ahalbideratzeko. Proiektua bertokoek inguruneaz gozatu ahal izateko sustatu dugu, baita produktu turistiko jasangarri indartsua delako ere. Proiektu honetan aldundiaren eta udalen partaidetza ezinbestekoa izan da. Azken urteotan, 20,41 kilometro inguru egin dira, eta horietatik % 52,82 Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak egin ditu. Kanalan geratzen den zati bat amaitzen ari gara, eta laster hasiko gara Kanala-Isla zatiagaz.
Guggenheim proiektua Urdaibain egiteko asmoa ere iragarri dute agintariek. Bateragarria izango litzateke jasangarritasuna bultzatzea horrelako proiektu bategaz?
Oso datu gutxi ditugu proiektuari buruz, beraz, proiektua ondo ezagutu arte gutxi esan ahal da. Dena dela, heltzen diren albisteen arabera, proiektua jarrangarritasunean oinarrituko dela diote, eta hori horrela bada, garatzen gabiltzan estrategia turistikoagaz bat etorriko litzateke. Ikusteko dago oraindik.