Bikandi eta Bereikua izan dira Berriatuko kuadrillen arteko bizikleta desafioko azkarrenak
Denborarik onena egin duen kuadrilla Rodillu taldea izan da. Kirol ekintzak izan dira aurtengo Aitxe Kutz jaietako protagonista nagusiak.
Berriatuarrak Aitxe Kutz jaiak ospatzen aritu dira gaur [irailak 18]. Koronabirusa dela eta, ekintza gutxi batzuk antolatu badituzte ere, jai giroa nagusi izan da Urepel plazaren inguruan. Kirol ekintzak izan dira gaurko protagonista nagusiak. Arratsaldean, esaterako, herriko kuadrillen arteko IX. Bizikleta Desafioak sekulako ikusmina sortu du Arriola jatetxeko terrazan eta plazaren inguruetan elkartuta zeuden herritarren artean.
17:00ak puntuan hasi da proba. Igor Romero txirrinduari ohiak eta Berriatuko bizilagunak bota du probari hasiera eman dion bolandera. Herritarren animo artean atera dira lagunarteko kirol proban parte hartu duten 20 parte hartzaileak. Kuadrilletan elkartu eta Berriatuko kostaldeari zeinek buelta azkarren ematea zen erronka. Helmugan sartzen azkarrena Eneko Bikandi eta Leire Bereikua izan dira. Kuadrilla azkarrena, berriz, Rodillu taldea izan da.
Goizean, ostera, umeentzako duatloiaz eta herri kirolez gozatzeko aukera egon da. Herriko gazteenak gogotsu aritu dira aringa-aringa eta bizikleta probak osatzen. Eguerdian, aldiz, Aratz Mugerzak, Jon Unanuek eta Goenagatxok pentatloian neurtu dituzte indarrak. Jose Martin Bustintza Tubi, berriz, lasto jasotzen aritu da.