Bizi osoko espetxe zigorren aurka mobilizatu dira Ondarroan eta Lekeition ere
Eguerdian euskal presoen eskubideen aldeko 50etik gora elkarretaratze egin dira Euskal Herrian, Sarek atzo bertan behera utzi zuen martxaren ordez. Hala nola, Ondarroan eta Lekeition ere egin dituzte mobilizazioak. Mutrikun atzo [irailak 17] egin zuten mobilizazioa, barikutako elkarretaratzea baliatuta.
Sarek egindako deialdiari jarraituz, dozenaka herritar batu dira gaur [irailak 18] Lekeitioko Eskolapean eta Ondarroako Alamedan, Bizi osorako zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza, konponbidea lelopean egin diren elkarretaratzeetan. Mutrikun, berriz, barikuan [irailak 17] mobilizatu ziren; barikutako elkarretaratzea baliatuta egin zuten elkarretaratzea. Sarek bizi osoko espetxe zigorren aurka eta giza eskubideen alde martxa bat zuen deituta gaurko Arrasaten, baina atzo [irailak 17] bertan behera laga zuten, Arrasaten arlo horretan lan egiten dutenek egunotan jasan duten “presio izendaezina” tarteko. Horren ordez, Euskal Herriko 50etik gora herritan deitu dituzte mobilizazioak.
Sarek salatu duenez, 7/2003 legeak bizi osorako kartzela zigorrak ahalbidetzen ditu, eta lege hori bertan behera lagatzeko eskatu du. Adierazi duenez, hamabost euskal preso 40 urteko zigorra betetzera kondenatuta daude. “Kondena horiek, baina, espetxeen arloko araudian ezarritakoaren kontrakoak dira. 7/2003 legeaz ari garenean ere, salbuespen legediaz ari gara, ez baita urruntze politika edo gradu progresioetara soilik mugatzen”.
Azpimarratu dutenez, urteak daramatzate legedi arrunta aplikatzea euskal presoen eskubidea dela aldarrikatzen. “Ez dugu bizi osorako zigorrik onartuko eta bere burua demokratikotzat izendatzen duen Estatu eta jendarte batek ere, ez luke halakorik onartu beharko. 7/2003a aplikatuz zigorra luzatu dieten euskal presoak, legez, kalean behar lukete, eta ez diogu hori aldarrikatzeari utziko”.
Urruntze politika bertan behera uzteko eman diren urratsen balorazio positiboa egin dute
Gaur Euskal Herriko hainbat plazetan egin diren elkarretaratzeak, gainera, egun hauetan jasandako “presioa eta manipulazioa” salatzeko ere baliatu dituzte. “Auzi honetan hainbat hedabidek, alderdi politikok eta instituzioek erantzukizunik gabeko jarrerak hartu dituzte, eta horrela, espetxe politikan edozein adalketa errefusatzen duten horien jarrera indartu dela salatu nahi dugu”.
Urteetako “blokeo egoeraren” ostean, urruntze politika bertan behera uzteko eman diren urratsen balorazio positiboa egin dute, urrats horiek guztiz gauzatu daitezen kale aktibazioaren beharra ere nabarmendu dute. “Guztion artean, urratsez urrats, baina atzera begiratu gabe, euskal presoek eta haien senideek oraindik ere jasaten duten eta haien eskubidean urratzen dituen salbuespen legedia amaierara eramateko bidea zabaltzea lortu dugu”.