Ondarroako kaleak burrunbada morez bete dira
120 perkusio jotzaile ibili dira Ondarroako kaleetako giroa alaitzen eta feminismoaren aldeko aldarrikapena zabaltzen.
Euskal Herriko Andrabanda Feministen Topaketa egin dute gaur [irailak 18] Ondarroan. Topaketa Ondarroako Andrabandaren hamargarren urteurreneko ekintzen barruan egin dute, Euskal Herriko Batukada Feministen Sareagaz elkarlanean antolatuta. Eguneko ekintzarik deigarriena eguerdiko kalejira izan da. Leku desberdinetatik etorritako hamahiru batukada feministetako kideek parte hartu dute.
Antolatzaileek emandako datuen arabera, 120 perkusio jotzaile ibili dira batetik bestera giroa alaitzen eta feminismoaren aldeko aldarrikapena zabaltzen. Ondarroako Andrabandagaz batera honako herrietako taldeetako kideek parte hartu dute kalejiran: Mutriku, Gasteiz, Arabako Mendialdea, Bilbo, Basauri, Elgoibar, Durango, Tolosa, Zarautz, Donostia eta Orereta.
Zaldupeko zubitik hasi eta multzotan banatuta, zuzenean Itsasaurrera abiatu dira. Lau kantu jo dituzte (Sorginak, Marakatu, Karintxa eta Reggae) eta jende pilaketak saihestu aldera, geldialdirik barik egin dute kalejira. Geldialdi bakarra Itsasaurren egin dute eta han Reggae eta Sorginak interpretatu ostean, Zaldupera bueltatu dira burrunbadan. Bazkaritan indarrak berritu ostean, Arantxa Vicedoren kontzertuaz gozatzeko aukera eduki dute. Instrumentuak hartu eta pare bat kantu jota amaitu dute gaurko topaketa.
[Ikusi ARGAZKI GALERIA zuzenean]
Topaketan batu diren hamahiru taldeek, gainera, Ondarroako Andrabandak martxoan hasitako hausnarketa prozesuari era kolektiboan jarraipena emateko baliatu dute gaurko eguna. Elkar ezagutu, euren zaletasunaz gozatu, eztabaidatu eta gogoeta egiteko tartea eduki dute goizean Zaldupe eskola publikoko jolastokian.
Urteurrenaren harira urte hasieratik grabatzen ari diren dokumentala grabatu eta osatzeko ere baliatu dute eguna. Bi kamerari egun osoko ekintzen irudiak grabatzen aritu dira; ikus-entzunezko horretan taldearen helburuak, ibilbidea, funtzionamendua eta etorkizuneko erronkak jaso nahi dituzte.