Xabier Labakak eta Naia Sarasolak irabazi dute VII. Flysch Beltza igeri zeharkaldia
Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkarien artean azkarrena Mikel Iriondo ondarrutarra izan da. Sailkapen orokorrean bosgarren eta master kategorian hirugarren amaitu du.
Antolatzaileek emandako datuen arabera, 220 igerilarik parte hartu dute gaur [irailak 18] Mutrikuko eta Debako uren artean lehiatu den VII. Flysch Beltza itsas zeharkaldian. Horietan azkarrenak, Xabier Labaka Aldekoa bergararra eta Naia Sarasola GaztaƱaga ordiziarra izan dira; biak ala biak erakustaldi ederra emanda igo dira podiumaren gorenera. Igerilari bergararrak 35 minutu eta 7 segundotan osatu du 3.000 metro inguruko zeharkaldia. Sarasola, berriz, 37 minutu eta 42 segundotan helmugaratu da Debako Santiago hondartzan.
Lehia estua egon da gizonezkoetan. Lehen hiru sailkatuak minutu erdiren barruan sartu dira. Podiuma Jon Ulazia zestoarrak (35.33) eta Ander VilariƱo donostiarrak (35.35) osatu dute. Emakumezkoetan, berriz, alde handiarekin Sarasola izan da azkarrena. Hasiera-hasieratik jarri da buruan, eta abantaila horri eutsi dio bukaera arte. Sekulako erritmoan aritu da igerian, eta sailkapen orokorrean ere hamargarren amaitu du. Podiuma Miren Galdos eibartarrak (42.33) eta Joane Arzalluzek (44.01) osatu dute.
[Ikusi irterako ARGAZKI GALERIA zuzenean]
Mikel Iriondo Anakabe ondarrutarrak ere sasoiko dagoela erakutsi du. Swim Camp Getxo kirol elkarteko igerilaria fin aritu da. Mutrikuko danbor paretik igerian abiatu denetik podiumean sartzeko lehian ibili da. Proba 35 minutu eta 49 segundotan osatuta bosgarren postua lortu du sailkapen orokorrean. Gizonezkoen master kategorian, ostera, hirugarren postuan sailkatu da.
Antolatzaileek probari buruzko balorazio positiboa egin dute. Jon Ugarteburu Eibar Igerixan Kirol Klubeko ordezkariak azaldu duenez, dena “oso ondo” joan da. “Gure aldetik dena ederto baten joan da. Ez da inolako arazorik egon eta parte hartze kopurua ere nahikoa polita izan da”.