Emankorrak izan dira Arrigorri hondartzan egindako errugbi topaketak
Mutrikuko Errugbi Taldeak antolatuta, 16 urtez azpikoen lagunarteko errugbi torneo bat jokatu zuten zapatuan [irailak 17] Ondarroako Arrigorri hondartzan. Eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere, torneoa giro onean egin zuten. “Oso ondo joan da dena; pozik geratu gara. Zegoen eguraldia ikusita, gainera, nahikoa jende hurreratu da hondartzara”. Errugbia eta Mutrikuko taldearen lana ezagutzera emateko baliatu nahi izan zuten jardunaldia, eta alde horretatik ere emankorra izan zela azpimarratu dute. “Informazioa eskatu eta gure taldean jokatzeko interesa agertu duen herritarren bat edo beste ere gerturatu da. Alde horretatik ere pozik gaude”.
Zarauzko eta Durangoko taldeak gonbidatu zituzten mutrikuarrek. Hondartzan erabili zuten eremua bi zelaitan berezita eta sei taldetan banatuta jokatu zuten lagunartekoa. “Talde bakoitzak hamar minutuko launa partidu motz jokatu ditu. Azken partiduan taldeak nahastu ditugu, eta denak denon aurka aritu dira”. Topaketa amaitu zenean, ohi modura, indarrak berreskuratu eta elkarren arteko harremanak sustatzeko, hirugarren denbora ospatu zuten.
Mutrikuko taldeak halako ekintza bat Ondarroan antolatu duen lehenengo aldia izan da, eta pozik geratu dira. “Halako ekintza bat hondartzan egin dugun lehen aldia izan da. Esperientzia berria eta aberasgarria izan da guztiontzat”.