Goikoetxea-Aimar eta Beaskoetxea-Zabala bikoteak, nagusi Hondarribiko lehen jardunaldian
Hondarribiko Grand Slamaren ligaxkako lehen jardunaldia lehiatu zuten barikuan [irailak 17], eta Goikoetxea-Aimar bikoteak Erkiagaren eta Etchetoren aurka irabazi zuen. Arberi eta Lopezi irabazi diete Beaskoetxea eta Zabalak.
Barikuan [irailak 17] hasi zen Hondarribiko Grand Slama, eta lehenengo jardunaldian garaipena eskuratu zuten Goikoetxeak eta Aimarrek eta Beaskoetxeak eta Jon Zabala markina-xemeindarrak. Goikoetxeak eta Aimarrek 2 set eta 1 irabazi zieten Aritz Erkiaga ispastertarrari eta Etchetori (8-15 eta 15-13 eta 5-4), eta Beaskoetxea eta Zabala 13-15 eta 6-15 gailendu ziren Jokin Arbe markina-xemeindarraren eta Lopezen aurka.
Goikoetxea-Aimar eta Erkiaga-Etchetoren arteko norgehiagoka oso estua izan zen, partidua hiru setetan erabakiz. Goikoetxea eta Erkiaga aurrelarien arteko lehiak ikusleen arreta bereganatu zuen, eta partidu bikaina jokatu zuten.
Lehenengo setean Goikoetxeak eta Aimarrek osatutako bikoteak ezin izan zuen Erkiagaren eta Etchetoren jokoa berdindu, eta markagailuan 8-15ekoa ezarriz gailendu ziren Ispasterkoa eta Bidartekoa. Bigarren setean Goikoetxea eta Aimar nagusitu ziren, Aimarren bi paretako tantoari esker. Erakustaldi bikaina eskaini zuten, markagailua behin eta berriz berdinduz. Partidua erabakitzeko tantoa Goikoetxeak egin zuen. Pilota bi aurkarien artera jaurti zuen, eta Erkiagak eta Etchetok ezin izan zioten erantzun (5-4).
Arbe eta Lopez ziren bigarren norgehiagoka irabazteko faboritoak, baina 55 minutuko lehia eta gero, Beaskoetxea eta Zabala nagusitu ziren. Tantoak txandakatuz, partidua estu hasi zuten, 8ra berdindu zuten arte. Arbek eta Lopezek erritmo bizia ezarri zuten, eta bost tantoko aldea ezarri zuten markagailuan (13-8). Beaskoetxeak eta Zabalak ez zuten amore eman, eta euren jokoa berreskuratu eta markagailua irauli zuten (13-15). Bigarren seta ere bikain hasi zuten gernikarrak eta markina-xemeindarrak, seta 21 minututan irabaziz.
Bi multzotan banatuta ari dira hamabi pilotariak, eta ligaxkako beste bi jardunaldiak irailaren 24an eta urriaren 2an jokatuko dituzte. Barikuan [irailak 24] Hormaetxea-Manzi eta Olharan-Del Rio lehiatuko dira. Multzo bakoitzeko lehenengo bi bikote sailkatuek urriaren 9an jokatuko dituzte finalerdiak, eta finala, berriz, urriaren 15ean lehiatuko dute.