Ainhoa Etxebarria: "Niretzako salto handia da saioaren ardura nire gain edukitzea"
Lau urteko lehortea eta gero, ETB1ek lehiaketa berria edukiko du astelehenetan: Zurekin bat. Astelehenetik eguenera emango dute, 21:30ean. Eta saio hori Ainhoa Etxebarria kazetari eta aktore ondarrutarrak aurkeztuko du.
2017tik, lehenengoz, lehiaketa bat izango du ETB1ek. Nola jaso duzu proposamena?
Casting bat egiteko deitu ninduten, eta, egia esan, ni ez nintzen kontziente hainbeste denbora egon zela lehiaketa barik ETB, baina, bai, egia da.
Zeintzuk dira lehiaketaren ezaugarri nagusiak?
Beste herrialde batzuetan egin den formatua da. Ezaugarri nagusia da lau pertsonako bi talde egongo direla. Konfiantza handia eduki beharko dute taldekideek.
Zergatik?
Lehiaketaren pisuaren zati handi bat lehiakide batek eramango du, talde bakoitzeko kapitain edo liderrak. Konfiantzazko pertsona bat izan beharko da, eta berarekin konexio handia eduki beharko dute gainerakoek.
Parte hartzaileen arteko konplizitatea aipatu duzu. Zein profil izan dute parte hartzaileek orain arte?
Senitartekoak, lagunak, pisukideak, familiak, unibertsitateko lagunak… Elkar ezagutzen duen jendea da.
Lehiaketa guztiek dute saria. Zein sari lortuko du Zurekin Bat irabazten duen taldeak?
Lehiakideen ametsak betetzen saiatuko gara; beraz, amets kolektibo bat eduki beharko dute: bidaia bat, esaterako. Denen artean egin nahi duten zerbait izango da, ez da dirua irabazi eta denen artean banatzeko. Horrek bultzatuko du taldea oso kohesionatua egotea, konfiantza handia izatea elkarrengan.
Amets horiek betetzeko aukeraz gain, beste saririk egongo da?
Zaku bat edukiko dugu, baina, horretaz aparte, egunero-egunero talde irabazle bat egongo da. Talde horrek dirua irabaziko du, nahiz eta azkenean zakua ez eraman.
Nolakoa saioa ikusiko du ikusleak?
Denetariko galderak izango dira, ez dira bereziki galdera zailak. Taldekideek lortuko dute beren ametsak betetzea.
Nola joan dira orain arteko grabaketak?
Oso ondo. Etxetik lehiaketak ikustean badirudi errazak direla, eta benetan ez duzu ikusten horren atzean nolako taldea dagoen. Galderak prestatzeko orduan, lan handia egin duen lantaldea dago. Bereziki haluzinatu dut nolakoa den lehiaketa baten grabaketa.
Eta erraza izan da formatuaren dinamikara ohitzea?
Erritmoa hartuz goaz gutxika-gutxika. Lan dena mekanizatu arte konplikatua izan da. Orain arte parte hartu duten lehiakideek berehala hartu dute dinamika, eta ongi pasatzen ari gara, eta hori oso inportantea da.
Nolakoa harrera izan duzue orain arte?
Jendea parte hartzera animatu da. Ikusi da jendea lehiaketa gogoz dagoela, ez nuen espero benetan hainbeste gogo edukitzea lehiaketa batean parte hartzeko.
Aurretik, Gaztea irratian aurkezle aritu zara, eta telebistan hainbat programatako kolaboratzaile gisa. Salto handia izan da saio osoa zuk aurkeztea?
Bai. Orain arte ez dut inoiz eduki saioaren ardura nik, ez naiz inoiz bakarrik egon, eta salto handia izan da. Ikaspen handi bat izaten ari da, eta oso gustura nago. Lehiakideak ere bertan daude, eta berotasuna ematen diogu elkarri. Diferentea da, baina ikaspen handia izaten ari da eta disfrutatzen ari naiz.
Aktorea ere bazara. Esperientzia hori baliagarri izan zaizu kamera aitzinean aritzeko?
Zerbait bai. Lehiakideekin konplizitatea sortzean ezin duzu ahaztu aurkezlea ere bazarela eta, batzuetan, beren lagun moduan egon behar zarela, baina baita beraien arerio moduan ere. Puntu bipolar pixka bat behar duzu.