Miren Agur Meabek Espainiako Poesia Saria jaso du
'Nola gorde errautsak kolkoan' liburuagatik saritu dute idazle lekeitiarra. Euskarazko liburu batek sari hori jasotzen duen lehen aldia da.
“Maisukiro uztartzen ditu urteen iragatearen samintasuna eta bizitasun eta freskotasun apurtezina”. Espainiako Poesia Saria hautatzen duen epaimahaiak hitz horiekin deskribatu du 2020ko abenduan Miren Agur Meabek argitaratu zuen Nola gorde errautsak kolkoan liburua (Susa). Haien erabakiz, Meaberen lanak jasoko du aurten Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak ematen du saria. 20.000 euroko saria jasoko du Meabek. Euskarazko liburu batek sari hori jasotzen duen lehen aldia da.
“Euskal poeta garaikide handietako baten helduaroko poema bilduma delako” hautatu du lana epaimahaiak. “Memoria liburu bat bezala hasten da liburua, baina zabaltzen hasten da ondoren, ahots, estilo eta tonu multzo handi bati leku eginez”. Horrez gain, desira eta heriotza, nostalgia eta denboraren iragatea lantzeko dituen modua ere txalotu dute, betiere, hitzekiko gozamena bazterrean utzi gabe. “Kontrapuntu gisa, hizkeran eta erakusten duen jarreran dimentsio ironiko bat eskaintzen du”.
1924tik hasita saria jaso duten egileen zerrendari erreparatuta, gaztelaniazko lanak dira nabarmendutako gehienak, eta baita gizonezkoek idatzitakoak ere. Zortzi emakumezko baino ez dituzte saritu sariketaren ia hamar hamarkadako ibilbidean, eta gutxi dira katalanez zein galizieraz saritutako lanak ere: bina bakarrik hizkuntza bakoitzaren kasuan. 2020an, esaterako, Olga Novo idazle galiziarraren Feliz Idade liburua saritu zuen epaimahaiak, eta Meaberen euskarazko lana oraingoan.