Urak gainez egin du berriro Mutrikuko Zubiaga plazan
Bat-batean egindako euri zaparradak inguruko atariak eta lokalak ere urez bete ditu. Lekukoen arabera, ura 50-60 zentimetroko altuerara ailegatu da.
Gaur [irailak 21] 14:15 aldera hasi den euri zaparradak kalteak eragin ditu Mutrikun. Gaztetxe aurreko Zubiaga plaza, esaterako, ur azpian geratu da minutu gutxitan. Aurretiaz gertatu izan den modura, Barrenkale, Sabanika, Azkiaga eta Frontoi Jaitsiera kaleetatik zetorren ura plazan pilatzen hasi da. Lekukoen arabera, ura 50-60 zentimetroko altuerara ailegatu da.
14:40 aldera aldera atertu du, eta ordurako Udaltzaingoa eta udal brigadako langileak bertaratuta zeuden. Euri urak bideratzeko hoditeriaren tapetako batzuk uraren indarrez irekita agertu dira, eta beste batzuk nahita zabaldu ostean, pilatutako uraren maila jaisten hasi da. Hamar minutu edo gutxiagoan, egoera bere onera bueltatu da, eta estolderietako tapak itxi ostean, eremuan pilatuta geratu den lokatza garbitzen aritu dira brigadako langileak.
Euriteak, gainera, kalteak eragin ditu ingurutako etxe eta lokaletan ere. Atari batzutan ura sartu da eta Sabanika kaleko etxebizitza bateko sukaldean ere gauza bera gertatu da. Tartean, Kalaputxi eta Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZAren lokalera ere, ura sartu da. Euri zaparradek, bestalde, gorabeheraren bat edo beste ere eragin dute Mutriku eta Ondarroa batzen dituen GI-638 errepidean; uraren eraginez, lokatz asko pilatu da Tetuan baserriaren inguruan.