EAJk dio Txomin Agirre 28ko eraikina erregularizatzeko "aukerak alperrik galdu" direla
Jeltzaleek diote Txomin Agirre 28ko auzian EH Bilduk auzotar baten «interes partikularra lehenetsi» duela «ondarrutarren interes orokorraren aurretik». Diotenez, udalak orain milioi bat euro inguruko gastuari aurre egin beharko dio.
Ondarroako EAJko ordezkariek EH Bilduk zuzentzen duen udal gobernu taldearen jarrera salatu nahi izan dute. Txomin Agirre 28 zenbakian eraikitako etxebizitzen eraikinaren egoerak eragindako auziari dagokionez, udal gobernu taldeak “interes partikularra lehenetsi” duela diote, “ondarrutarren interes orokorraren aurretik”. EAJren udal taldeak ohartarazi duenez EH Bilduk nahiago izan du eraikinaren egoera erregularizatzeko “hainbat aukera alperrik galdu”, nahiz eta jakin horrek udal kutxari “kalte” egingo liokeela. “Demanda jarri zuen herritarraren jarreraren alde egitearen ondorioz, udalak milioi bat euro inguruko gastuari aurre egin behar izango dio”.
Judizialki baliogatu diren udal jarduerek arau hierarkiaren printzipioa urratzen zutela aitortu dute. “Ondarroako Udala EAJren eta EAren agindupean zegoela, 2007an onartutako xehetasun azterketak aldez aurretik hirigune historikorako Plan Berezi bat onartzea eskatzen zuen”. Maria Dolores Etxano bozeramaileak defendatu duenez, berau zehatz-mehatz ordenatzeko, baina, “jarduera horri buruz hartu ziren erabaki politikoak txosten teknikoetan oinarritu ziren beti”. EAJren udal gobernuaren helburua Pixapen gaur egun kale hori Iparkalegaz lotzen duen igogailua eraikitzea zela gogorarazi dute, “auzorako irisgarritasuna bermatuz eta espazio libreari buruzko irtenbide bat emanez”.
EAJren iritziz, EH Bilduk ez du nahi izan hartu eraikina eraistea eta sortutako kalte ordainak, kostuak eta kalteak “saihestuko” lituzkeen irtenbidea
EAJren udal taldeak “erabat arbuiatu” du jarduera hartan “edozein arrazoi espekulatzailerik edo alderdikoirik” egon zenik. Kontrako eran, 2011z geroztik EH Bilduren udal gobernu ezberdinei egotzi diete “ondarrutarren interes orokorren defentsa egiteari uko egin izana”. Ekintza eza horren ondorioak “herritarren poltsikotik ordaindu beharko dira. Konpon zitekeen irregulartasun bati etekin politikoa lortzen saiatu dira”.
Jeltzaleek deitoratu egin dute EH Bilduk auzotar baten “interes partikularra lehenetsi izana ondarrutarren interes orokorraren aurretik”. Euren iritziz, EH Bilduk “uko” egin dio eraikina eraistea eta sortutako kalte ordainak, kostuak eta kalteak “saihestuko lituzkeen irtenbidea” hartzeari. Berretsi dutenez, EH Bilduk nahiago izan du egoera hori konpontzeko “une garrantzitsu batzuk alperrik galdu”, nahiz eta jakin horrek kalte handia eragin diezaiokeen udal kutxari. “Partikularrak aurkeztu zuen helegitea onartu zuen epaileak berak planteatu zuen 2014an eraikitakoa legeztatzea 2009an onartutako Alde Zaharreko Hiri Birgaitzeko Plan Bereziaren babespean”.
Gaineratu dutenez, 2019an, EH Bilduren egungo udal gobernuak Udalbatzaren erabateko adostuna sustatu eta alde zaharreko plan bereziaren aldaketari hasierako onarpena ematea lortu zuen Txomin Agirre 28 lursailerako, orubearen eraikigarritasuna 42,10 m2 murriztu eta berau espazio libre bihurtuz. “Horrek epaia betetzea ahalbidetuko zukeen eraikina erabat eraitsi barik, baina auzi jartzaileak aurkeztutako alegazio berrien aurrean, gobernu taldeak atzera egin zuen”.