Ondarearen Europako Jardunaldien 21. ekitaldiak proposamen "inklusiboak" dakartza
Guztira 214 kultur proposamen antolatu dituzte. Ekintza guztiak urrian egingo dira. Aulestin, Lekeition, Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren ere egingo dira ekintzak.
Kultura irisgarriagoa eta inklusiboagoa izatea bilatuko dute aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiek. Horretarako, sarea osatzen duten pertsona, erakunde eta instituzioek elkarrizketarako eta ekintzarako aukera berriak sortzeko lan egingo dute, baita hartzaile gehiagogaz konektatzeko ere. «Horregatik, kultura ondarearen aurkezpenean eta interpretazioan tradizionalki ordezkaritza eskasa izan duten edo baztertuak izan diren taldeekin topaketa eta prozesu inklusiboak sustatu dira», azaldu dute Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek. 214 kultur proposamen prestatu dituzte, eta Lea-Artibain ekintza ugari egongo dira aukeran.
Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak 21. jardunaldiek «denontzako» moduko programa dakartela azaldu du. Izan ere, 50 udalerrik eta 100 erakunde eta kultur elkartek baino gehiagok osatu dute egitaraua. «Kolektibo guztien laguntza funtsezkoa izan da jarduerak diseinatzeko prozesuan. Hurrengo erakundeek lehenengoz parte hartu dute: ONCE Fundazioa, Gorabide, Karenka (Ondarroa), Fekoor, Andra Mari Zentro Okupazionala, Asebier, Gaude, Argia, FormArte, Sindrome de Down Fundazioa, Retina Bizkaia Begisare, Adisa eta ADIZMI».
Jardueren egitarua Interneten kontsultatu daiteke, eta jarduera horietan parte hartzeko interesa daukatenek atari horren bidez, telefonoz (94-406 63 40) zein posta elektronikoz (ondareabizkaia@bizkaia.eus) egin ahal izango dute erreserba.
Esaterako, migratzaileen bizipenak ezagutzeko aukera egongo da Aulestiko topaketetan eta Markina-Xemeingo ipuin kontaketetan.
EGITARAUA:
- AULESTI:
- Urriak 23, zapatua.
– 11:00etan, udaletxeko areto nagusian: Bizilagun anitzak erakusketa eta topaketa.
– Ez da erreserbarik egin behar. - Urriak 29, barikua.
– 19:00etan, udaletxeko areto nagusian: Harriak, inbentarioa sarean. Aulestiko ondare immaterialaren inbentarioaren aurkezpena egingo dute.
– Ez da erreserbarik egin behar. - Edonoiz.
– QR kodeen bidez Aulestiko etxeak ezagutzeko ibilbidea.
- Urriak 23, zapatua.
- LEKEITIO
- Urriaren 30a, zapatua.
– 10:00etan eta 11:30ean, Abaroa jauregiko lorategian, kulturarteko jardunaldi gastronomikoa egingo dute. Munduko zenbait lekutako plateren aurkezpena egingo dute; euria bada, merkatu plazako bigarren solairuan.
– Erreserbak: urriarren 25etik aurrera, 09:00etatik 11:00etara, 688 72 70 95 deituta.
- Urriaren 30a, zapatua.
- MARKINA-XEMEIN
- Urriaren 23a, zapatua.
– 18:00etan, Uhagon kulturgunean, Hango eta hemengo ipuinak. Herrialde desberdinetako ipuin kontaketa egingo dute.
– Erreserbak: kulturgunea@uhagon.com; 94-616 63 03.
- Urriaren 23a, zapatua.
- ONDARROA
- Urriak 23 eta 24.
– 18:00etan, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Bagoaz emanaldia. Behar bereziak dituztenekin euskarazko antzerkigintzan oinarritzen den ikuskizuna.
– Erreserbak: 94-683 19 51; turismobulegoa@ondarroa.eus.
- Urriak 23 eta 24.
- ZIORTZA-BOLIBAR
- Urriak 30, zapatua.
– 11:00etan, bisita gidatua Simon Bolivar Museoan: Ikusezina ikusaraziz. Ikusmen desgaitasuna duten pertsonak ondarera hurbiltzeko bisita gidatua.
– Erreserbak: info@simonbolivarmuseoa.com; 94-616 41 14.
- Urriak 30, zapatua.