Iñaki Iturrik Mexikoko nazioarteko sorospen jardunaldi batean parte hartuko du
Adin txikietan prebentzioak daukan garrantziari buruzko hitzaldia emango du azaroan Internet bidez.
Ondarroan bizi den Iñaki Iturri sorosle natxituarra azaroaren 15etik abenduaren 4ra egingo den Medikuntza, erizaintza, ospitale aurreko arreta eta erreskate espezialitateei buruzko nazioarteko jardunaldian parte hartzeko aukeratu dute. Adin txikietan salbamendu kulturak eta sorospenak daukan garrantziari buruzko hitzaldia emango du Internet bidez (YouTuben) emango duten jardunaldian; zehazki ordubeteko hitzaldia emango du azaroaren 29an, 19:00etan hasita.
Mexikoko Gurutze Gorriak antolatu duen nazioarteko jardunaldian parte hartzeko aukeratuetako bat izatea pozgarria dela azpimarratu du Espainiako Salbamendu eta Sorospen Federazioko Heziketa Komisioko kide eta Leartiadi SOS klubeko koordinatzaileak. “Nazioarte mailan parte hartuko dudan hirugarren jardunaldia izango da. Oso ilusionatuta nago. Parte hartu dudan nazioarteko beste jardunaldietan eman ditudan hitzaldietan arreta jarri dutela dirudi. Salbamendu eta sorospenen ikastaroetan alde profesionala eta kirola uztartzen ditut, eta gaia zelan landu eta horri buruz zelan berba egiten dudan oso gustuko dutela esan didate antolatzaileek; horregatik gonbidatu nautela esan didate”.