Mikele Sotil: "Hondakinak, zauriek eta gauza ustelek erakartzen naute"
Etxebarriko artistaren lanak daude ikusgai Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Diziplina anitzetako lanek Sotilen bilakaera artistikoa erakusten dute.
Pintura, argazkiak eta jantzi bat ere aukeratu ditu Mikele Sotil Etxabe artista etxebarritarrak Harriak arte garaikide programaren baitan Uhagon kulturgunean ikusgai jarri duen erakusketarako. Artistak bere lanaren bilakaera erakutsi nahi izan du, eta horregatik Arte Ederretako ikasketa urteetan egindako lanak zein Pintura Masterrean eta Zinemarako eta Antzerkirako Jantzien Diseinuko Masterrean egindakoak betetzen dute kulturguneko erakusketa aretoa. Sotilentzako artea ez da diziplina bakarrera mugatzen, diziplina ezberdinak elkarren artean elikatzen direla dio.
Zein irizpidegaz aukeratu zenituen erakusketa honetarako lanak?
Euren artean koherentzia bat egotea nahi nuen. Ez zen aukeraketa erraza izan. Pila bat lan ekarri nituen erakusketa gelara, eta Natalia Vegas bitartekariaren laguntzagaz aukeratzen joan nintzen, lekuaren arabera eta bata eta bestearen artean zeukaten loturen arabera. Askotan gustukoena jarri nahi duzu, baina besteekin koherentziarik ez badauka, hobe ez jartzea.
Hainbat diziplinatako lanak daude ikusgai.
Ez naiz inoiz diziplina bakarrera mugatu, arteak dena barneratzen duela uste dut. Pintura Masterra, esaterako, argazkiak egiten amaitu nuen. Azken finean, artea adierazteko bide bat da, eta bai argazkia, bai eskultura, bai pintura, bai dantza, bai musika, bai zinema nire mundua elikatzen duten diziplinak dira. Denekin aritu naiz aldi berean, elkarren artean elikatzen dira. Josi ere egin izan dut beti.
Beraz, azkenengo egin duzun masterrak lehendik daukazun josteko interes edo zaletasunagaz badauka lotura.
Koadroetan ere agertzen dira oihalak eta parpailak. Jantzien masterrean amaitu dudan jantzia ere aurretik egin nuen. Aurten amaitu dut jantzia osagarriak eginda: txaketa, beheko zatia. Baina, berez, hirugarren mailan egin nuen, eskulturako eskolan.
Erakusketako argazkiak Etxebarrian ateratakoak dira?
Berrogeialdian ateratakoak dira. Ama lorategian eta aita ortuan; horiek ziren nire musak, nire inspirazio iturri. Pinturek ere badaukate lotura loreekin.
Zelan deskribatuko zenuke zure lana?
Hondakinak irudikatzea gustatzen zait. Egiten ditudan lan guztietan hondakinak ageri dira.
Nondik datorkizu hondakinekiko interes hori?
Arte Ederretako hirugarren maila egiten ari nintzela agertu zitzaidan. Hondakinak, zauriak, gauza ustelak… Horrelako gauzek zergatik erakartzen nauten galdetzen diot nire buruari, baina estetika kontu bat besterik ez da. Neba txirrindularitzan ibili da beti, eta erortzen zen bakoitzean argazkia ateratzen nion. Nik nire nebaren mina sentitzen nuen, baina, aldi berean, bere zauriek erakarri egiten ninduten. Zer edo zer ederra ikusten dut zaurietan, hondakinetan edo ustelean, erakartzen nauen zer edo zer. Alde estetikoagaz harantzago, usteltzen denak erakartzen nau egonkorra ez delako. Gauza finkoak ez zaizkit gustatzen, garapen bat dutenak gustatzen zaizkit. Hil egingo naizela jakiteak lasaitu egiten nau, esate baterako. Beldurra ere ematen dit, baina lasaitasuna ere bai; usteldu egingo naiz, ez naiz betirako. Ideiei dagokienez ere, berdin. Jendeak nik ditudan pentsatzeko erak aldatzea gustatu egiten zait. Ideia finko bat edukitzea, hau horrela da, ez zait gustatzen. Zauri bat ikusten duzunean gorputzean sentitzen duzun sentsazio horrek txunditzen nau; Foucault filosofoak aipatzen duen haptikotasuna: plazer sentsoriala eta optikoa batzen direnean. Ustela, biguna, organikoa, hondatzen doana… Gustatuko litzaidake degradazio prozesu osoa koadroz koadro islatzea, une bakoitza irudikatuz. Orain osorik dago, eta gero ustelagoa, ustelagoa, ustelagoa… horrelako koadro bat egitea gustatuko litzaidake. Lizuna atera zaion melokotoiak, esaterako, erakarri egiten nau.
Zergatik aukeratu zenituen Arte Ederrak? Umetatik argi zeneukan artearen bidea?
Txikitatik eduki dut arterako joera. Etxean ere asko landu da: abestu, antzerkia, izeko margotzen, eskultorea den osaba bat ere badaukat. Artea beti egon da nire inguruan. Batxilergo artistikoa egin nuen, Arte Ederrak ikasiko nituela pentsatuz. Argi neukan. Orain zinema munduan amaitu dut, egia da ez dakizula bizitzak nora eramango zaituen.
Esan duzu jostea bazenuela gustuko eta horretan ere aritzen zinela. Baina zerk bideratu zaitu Zinemarako eta Antzerkirako Jantzien Diseinuko Masterra egitera?
Arte Ederrak amaitu nuen goian, gustura-gustura, benetan sinisten egiten ari nintzenagaz. Ikaragarrizko mundu bat sortu nuela pentsatzen dut. Baina Pintura Masterragaz ez nuen ondo amaitu. Berrogeialdia sartu zen tartean, Internet bidez eman behar pintura eskolak… jantzien masterra ikusi nuenean, interesgarria iruditu zitzaidan, eta izena eman nuen.
Zelakoa iruditu zaizu azken master hori?
Zoragarria izan da niretzat. Asko ikasi dut: gidoiak irakurri eta ataletan banatzen, film baten atzean zer dagoen eta logistika guztia, zelan muntatzen diren kamioiak… denetarik. Jantziek film batean daukaten garrantziaz konturatzen zara. Asko esaten dute.
Proiekturen batean parte hartzeko aukerarik eduki duzu?
Irakasleak film labur batean parte hartzeko deitu zidan, eta orain beste baterako.
Zein izan da zure lana film labur horretan?
Diseinua irakasleak egin du, zuzendariagaz adostuta. Nik filmaren grabaketan parte hartu dut. Nire lehen esperientzia izan da film profesional batean, eta sekulako esperientzia izan da.
Zinemarako jantzien bide horretatik jarraitu nahi duzu?
Momentu honetan bide hori jarraitu nahi dut. Hala ere, umeei arte eskolak ere emango dizkiet, arte munduan ere jarraitu nahi dut eta.
Zer da artea zuretzat?
Nik artea dilista batzuetan edo keinu batean ere ikusi nezake. Artea niretzako mundua ikusteko era bat da. Ezin da deskribatu, bakoitzak berea dauka, horregatik da horren berezia. Ilunabar bat, jantzi bat egitea, lorategi eder bat edukitzea edo ortu eder bat, dena da artea.