125 kilo zabor atera dituzte Lekeitioko portutik
Lekeitioko Urpeko Taldeak 'VII. Hondartzen eta Itsas hondoen Nazioarteko Garbiketa Handia' ekimenean parte hartu zuen zapatuan [irailak 25]. Hainbat botila eta plastiko batu zituzten Dzanga piragua taldekoen eta beste boluntario batzuen laguntzagaz.
Lekeitioko Urpeko Taldeak 125 kilo zabor baino gehiago atera zituen zapatuan [irailak 25] Lekeitioko portutik. Dzanga piragua taldeko kideen eta beste boluntario batzuen laguntza eduki zuten garbiketa lanetarako. Guztira, 20 urpekari, lau piraguista eta beste sei boluntario ibili ziren zaborrak ateratzen goiz osoan.
Tala parteko kostaldea garbitzea ere bazuten asmoa, baina Angel Ugarteburu Lekeitioko Urpeko Taldeko kideak azaldu zuenez, olatu handiegiak zeudela ikusi zuten, eta garbiketa hori beste egun baterako utzi dute. Horrela, portura mugatu zen zapatuko garbiketa, tabernen alderdira dagoen gunera, hain zuzen ere. Denetarik aurkitu zuten portuaren hondoan, beste batzuen artean: ibilgailuen bateriak, janari denda bateko orga, hesi bat, eskailera bat, mugikorrak eta giltzak eta tabernen ingurua izanik, hainbat botila, plastiko eta terrazetako aulki bi ere bai. Horrez gain, kofradiako gurdi bat ere ikusi zuten hondoan, baina bertan utzi behar izan zuten daukan pisuagatik. “Gurdia beste modu batera atera behar da, garabi eta sokekin lagunduta”.
Bestalde, maskara gutxi aurkitu zituztela azpimarratu zuten. “Gehiago egongo zirela uste genuen, baina ezusteko ederra hartu dugu. Badirudi Lekeitioko herriak zaindu egin duela hori”.
Lebazaleen lekua ez zuten garbitu, baina inguru horretan zer zegoen begiratzera hurreratu ziren. “Hamabi bat gurpil ikusi ditugu, baina ez dugu ezer ukitu. Portuko arduradunekin berba egin dugu, eta hurrengo batean gurpilak non dauden markatu eta atera egingo ditugu”.
Elkartasuna. Portutik ateratako zabor guztiak zenbatu eta aplikazio batean idatzi zuen pisua Ugarteburuk. “Herri ezberdinetan batzen dugun zaborra jasota geratuko da, eta gero, guztiorren pisua janaritan emango diote enpresa batzuek Elikagaien Bankuari“. Izan ere, VII. Hondartzen eta Itsas hondoen Nazioarteko Garbiketa Handia ekimenaren baitan egin dute portuko garbiketa Lekeitioko Urpeko taldekoek. Itsas Zaintzaileen Sarean sartuta daudela azaldu zuen Ugarteburuk, eta sare horretako boluntarioek bat egin dute aipatutako ekimenagaz. Zehaztu zuenez, asteburuan, Itsas Zaintzaileen Sareko mila urpekari boluntariok indarrak batu dituzte hondartza eta itsas hondoetatik zaborrak kentzeko. “Nazioarteko hainbat puntutan egingo da ekimena, Mexiko, Brasil, Kolonbia eta Argentinan esate baterako”.