Begoña Chaves ondarrutarrak "pozik" jaso du Mallorca Design Day-ko sari nazionala
Saria bere familiari eskaini dio. Asteburuan Mallorcan bizitako esperientzia "ahaztezina" izan dela azpimarratu du.
Begoña Chaves Agulla ondarrutarrak barikuan [irailak 24] jaso zuen III. Mallorca Design Day lehiaketako sari nazionala. Mallorcako Inca udalerriko Ramis fabrikan egin zen eta Raquel Sanchez Silvak aurkeztutako ekitaldian jaso zuen 1.500 euroko saria. Irabazleak berak azpimarratu duenez, “pozik eta hunkituta” jaso zuen saria. “Esperientzia oso ederra izan zen, ahaztezina. Saria nire familiari eskaini nahi izan nion”.
Ondarrutarrak duela bi urte amaitu zituen diseinu ikasketak, eta honakoa irabazi duen lehen sariketa izan da. Itsasoan oinarritutako Salitre izeneko bildumagaz irabazi du saria. Berrerabilitako oihalekin egindako 20 pieza baino gehiagoko zortzi look-ek osatzen dute bilduma; look guztiek egilearen bizitzagaz lotura estua daukaten hondartzen izenak dituzte. Egilearen hitzetan, marinelek garai batean beharrerako erabiltzen zituzten jantzietan, Beristainen margolanetan edota Ondarroako emakumeetan daude oinarrituta.
COVID-19a dela eta, desfilean parte hartu beharko luketen bildumen aurkezpena digitalki egin zen. Desfile birtuala “ondo” joan zela gaineratu du. “Jendeari asko gustatu zitzaion. Jende askok zoriondu ninduen. Ekitaldian jende oso ospetsuak eta entzutetsuak parte hartu zuen, eta tartean, Modesto Lomba Espainiako Moda Sortzaileen Elkarteko presidenteak eta diseinatzaileak ere zoriondu ninduen”.
Raquel Arañon lehiaketako zuzendariak ere Chavesen diseinuetako bat eraman zuen soinean. “Galarako jantzi bat egiteko eskatu zidaten; kamiseta eta praka bategaz osatutako jantzia egin nion. Egun horretan argazki gehien atera zioten pertsonetako bat izan zen, eta nire diseinuetako bategaz jantzita azaltzea polita izan da”.