Ispasterko biomasa proiektua ezagutzeko bisita gidatua egingo dute
Ispasterko District Heating eta biomasa-energia ezagutzeko bisita gidatua egingo dute zapatuan [urriak 2]. Bisitan parte hartuko dutenak 10:30ean plazan batuko dira, eta parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da.
Asteklima Euskadiko Klima eta Energiaren Astea da asteon (irailaren 24tik urriaren 3ra). Asteklimaren helburu nagusia da nahitaezko energia- eta klima-trantsizioaren aurrean, herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea. Hala, erakusketak, tailerrak, antzerkia, zinema, haurrentzako jolasak, ipuinak, bizikleta ibilaldiak, hitzaldiak, bisita gidatuak, lehiaketak… Hamaika jarduera antolatu dituzte egunotarako, eta Interneten kontsulta daitezke.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatuta Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren eta Energiaren Euskal Erakundearen bidez, udalek, toki erakundeek, elkarteek eta sektore pribatuek parte hartzen dute.
Asteon, esaterako, Ispasterko District Heating eta biomasa-energia ezagutzeko bisita gidatua egingo dute. Ekintza zapatuan [urriak 2] egingo dute; 10:30ean plazan ipini dute hitzordua.
GarbiƱe Saenz de Buruaga Ispaterko alkateak azaldu du Energiaren Euskal Erakundetik gonbidapena jaso zutela euren biomasa energiaren instalazioetara bisita egiteko, Asteklimari amaiera emanez. Euren proiektua hazten joan da, eta haren energia hornikuntza gero eta gehiago izatea lortu dute. Eraztun horretan daude eraikin publikoak, eta iaz, etxe bloke bat konektatu zen sarera, eta etxebizitza horientzat ere ur beroaren hornikuntza daukate.
“Aurrekontuetan inbertsioetarako diru sail bat beti bideratzen dugu eraginkortasun energetikora. Pauso txikiak badira ere, horiek ematea garrantzitsua da, horretan aurrera joatea. Udala eredu izan behar zela argi eduki dugu beti, eta herritarrak gure sarera lotu ahal izatea lortzen ari gara. Horrez gain, zapatuko hitzaldian azalduko da beste proiektu europar batean sartuta gaudela, eta Agarretxeko etxebizitza blokea sarera gehitzea aurreikusten da bertan”, zehaztu du alkateak.
Gehienez 25 pertsonak parte hartu ahalko dute zapatuko bisitan. Horretarako, udalaren webgunean dago lotura, eta baita karteletan dagoen QR kodean ere.
Bestalde, Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta, Mutrikuko Olatu plantan itsasoaren indarretik energia lortzeko zer nolako teknologia erabiltzen den erakutsi zuten domekan egindako bisita gidatuan [irailak 26]; “munduan erreferentea” den instalazioa gertutik ezagutu ahal izan zuten herritarrek.