Irisgarritasuna hobetzeko lanak egin dituzte Markina-Xemeingo Bekobentan eta Markina BHIn
Zehaztu dutenez, Markina-Xemeingo Udalaren esku geratuko da horien mantenimendua eta garbitasuna.
Hezkuntza Sailak hainbat eraberritze lan egin ditu Bekobenta eskolako eta Markina BHI ikastetxeko eraikinetan irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko. Bigarren Hezkuntzako eraikinean igogailua jarri dute, eta udalak esan du horren mantenimendua bere gain hartuko duela.
Udalaren esku geratuko da, baita ere, Bekobenta eskolan egin dituzten eraberritze lanen mantenimendua eta garbitasuna. Jakinarazi dutenez, 2020an 98.991,70 eurokoa izan zen urte osoko garbitasunaren kostua. Aurten, ostera, igoera egongo dela azaldu dute, eta urte amaiera arteko aurreikuspena 124.995,12 eurokoa da.
Eraberritze lanei dagokionez, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eremuak komunikatu eta bi eremuetarako bigarren irteera bat lortzeko pasabide bat eraiki dute, suteen aurka babesteko beharrezko instalazioa ezarri dute, eta ateak, leihatilak eta eskailerak berritu dituzte. Horrez gain, Lehen Hezkuntzako behe solairuan eta Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren solairuetan komunak iristeko errazagoak izateko konponketak ere egin dituzte.