Luis Arraiz karatekak Costa Quebrada nazioarteko txapelketa irabazi du
Lorpenez betetako denboraldi borobila ari da egiten karateka ondarrutarra. Parte hartu duen txapelketa ia guztietan urrea lortu du.
Ondarroako Karate Taldeko maisuak lehenengo postua lortu du asteburuan Santa Cruz de Bezama (Kantabria, Espainia) herriko Soto La Marina alkate-auzoko Angel Pelayo Soto kiroldegian jokatu den Costa Quebrada lehen nazioarteko txapelketan. Erakustaldi ederra eskainita, kata (adierazpen teknika) modalitatean 60-69 urte bitartekoen beterano 4 kategorian izan da nagusi. Atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Ricardo Tapia eta Angel Suberviola. Lortutako emaitzagaz “pozik” agertu da. “Maila altuko aurkari gogorren aurka aritu nintzen, eta irabaztea ez zen lan erraza izan”.
Txapelketa estreinako egin bada ere, karate munduan garrantzi handikoa dela esan du ondarrutarrak. “Txapelketa, berez, oso entzutetsua da. Garai batean Pielagos haraneko nazioarteko txapelketa deitzen zena, orain alboko herrian eta beste izen bategaz egin dute. Nazioarte mailako karateka asko batu dira bertan, 500dik gora lagun”.
Lorpenez betetako denboraldi borobila ari da egiten karateka ondarrutarra. “Txarto ez banabil zazpi txapelketatan parte hartu dut. Hirugarren postuan amaitu nuen txapelketa bat izan ezik, beste guztietan urrea eskuratu dut. Neure burua sasoi onean ikusten dut, eta lehiatzeko oso gogotsu nago; ahal dudan txapelketa guztietan parte hartzeko asmoa daukat”.
HITZAri jakinarazi dionez, asteburuan Toledoko Villa de Mora (Gaztela eta Leon, Espainia) nazioarteko txapelketan parte hartzeko asmoa dauka. “Ez dakit azkenean parte hartzeko moduan egongo naizen ala ez. Orkatilan min hartu dut, eta zalantzan nago; hobetzen banaiz joango naiz”.