2022ko Kalekan parte hartzeko aukera zabaldu dute
Nahi duten konpainia eta kolektibo guztiek abenduaren 6ra arte edukiko dute zabalik Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdian parte hartzeko aukera. 2022ko jaialdia urtero modura, uztailean ospatuko da.
Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia datorren urteko jaialdia prestatzen ari da. 2022an berriz ere ohiko formatura bueltatu nahi dutela azaldu dute, “osasun egoerak hobera egingo duelakoan”. Horrela, jaialdian parte hartzeko aukera zabaldu dute. Nahi duten konpainia eta kolektibo guztiek euren proposamenak aurkezteko aukera edukiko dute abenduaren 6ra arte.
Azken urteetan egin duten modura, deialdi berri honetan ere bi arlo ezberdinduko dituzte: Sekzio ofiziala eta KALEKA Scratch. Sekzio ofiziala espazio publiko edo izaera bitxiko espazioak gaurkotasunean burututako sorrera lanak aurkezteko erabiltzen dituzten artista, kolektibo, elkarte profesional edota edozein autoretza motarentzat bideratuta dago. “Aldi berean, kontutan hartuko dira espazio publikoa garapen bide eta lanaren aurkezpen publiko bezala hartzen dituzten lanak”, gaineratu dute.
Kaleka Scratchek, berriz, garapen egoeran dauden proiektuak esperimentatu eta probatu nahi duten artista, kolektibo, elkarte profesional edota edozein autoretza motarentzako plataforma bat eskaintzen du. “Jaialdiaren izaera kontutan hartuta, lehentasuna izango dute kale-arte mailatik gertu dauden proposamenak edo Kalekaren jokaera-markoaren barruan parte-hartu daitezkeenak”.
Gogora ekarri dutenez, azken urteetan parte-hartzeak gora egin du, eta urtero 500 proposamen baino gehiago jaso dituzte. Kalekak Internet bidez jasoko ditu proposamenak. Horretarako Kalekaren atarian jarri duten inprimakia bete behar da. 2022ko jaialdia urtero modura, uztailean ospatuko da.