AMAK taldearen kontzertua, Markina-Xemeinen
Emanaldia doan da baina gonbidapenak udaletxeko kutxazainean hartu behar dira (barikutik zapatura, 08:15etik 20:00etara).
Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kris Solanok osatzen duten AMAK musika taldeak kontzertua eskainiko du domekan [urriak 3], 18:00etan, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Emanaldia doan da baina gonbidapenak udaletxeko kutxazainean hartu behar dira (barikutik zapatura, 08:15etik 20:00etara). Eguraldi txarra egingo balu, kontzertua Plazabarripean izango litzateke.
90eko hamarkadatik trikitiaren erreferenteak dira lau musikariak, eta zaletasun horrek batuta, 2019an taldea sortu zuten. Taldearen izena partaideen aurreneko hizkiez osatu zuten.
Lehendabiziko abestia 2020an kaleratu zuten (Basajaun), eta aurtengo maiatzean lehenengo diskoa atera dute, taldearen izena daramana. Zortzi abestitan, amatasuna eta emakume izaeraren inguruko hitzak jorratzen dituzte.