Leire Arantzamendi: "Biogears biomaterialak topatu ditugu akuikultura zirkularrerako"
Oinarri biologikoa duten eta itsas zabaleko muskuilu eta algen akuikulturako erabilgarriak diren sokak garatzen ari den Biogears proiektua koordinatzen ari da Leire Arantzamendi ondarrutarra. Soka horiek urrats garrantzitsua dira akuikultura industria ekologikoago baterako bidean.
Zein da Biogears proiektuaren oinarria?
Azken urteetan itsas hondakinekin lotutako proiektuak sortzen joan dira akuikulturaren inguruan. Plastikoen inguruan dagoen arazoa mundu mailakoa da, eta mikroplastikoen arazoa ere hor dago. Akuikulturan ere eragina dauka arazo horrek, eta horri irtenbidea emateko lanean aritu gara Aztin. Horrela, itsasoko zaborrak oinarri izan dituzten proiektuak landu ditugu, Bluenet, esate baterako. Proiektu horren helburua itsasoko zaborrari beste erabilpen bat ematea da; adibidez, itsasoan hondakin modura zeuden sareak jaso eta horrek moldatu ditugu muskuiluen hazkuntzarako sokak egiteko. Biogearsen itsas zabaleko akuikulturan erabiltzeko ohiko plastikoetatik haratago materiale jasangarriak aurkitu nahi ditugu, errekurtso naturaletatik eratorriak, ingurumenean inpaktu gutxiago sortuko dutenak, akuikultura jasangarriago bat garatzeko.
Zelakoak dira soka horiek?
Soka bereziak dira, eta garapen prozesua nahikoa luzea izan da. Gaiker eta Itsaskorda gugaz batera ari dira proiektuan. Akuikultura oraindik jasangarriagoa egiteko nire erronka material berriak aurkitzea zen. Horregatik, pauso bat harantzago joan eta material berriak edo biomaterialak topatu ditugu soka horiek egin ahal izateko. Biodegradagarriak dira, baina ez itsasoan. Gure helburua ez da sokak itsasoan biodegradagarriak izatea, erresistentzia ere behar baitute. Gure asmoa da soka horien erabileraren amaiera ailegatzen denean, lehorrera ekarri ahal izatea eta konpostagarriak izatea, ekonomia zirkularra sortuz.
“Ikerketa honek akuikultura jasangarria eta zirkularra garatzeko oinarriak jarri nahi ditu”
Proiektuaren zein puntutan zaudete?
Materialaren aukeraketa egin dugu eta baita merkatu azterketa bat gaur egun akuikulturan zenbat metro soka erabiltzen diren jakiteko. Inkesta pare bat ere egin ditugu, sektoreari eta kontsumitzaileei zuzenduta, soka berri horien onarpena zein izango litzatekeen ikusteko. Azken batean, ikerketa honek akuikultura jasangarria eta zirkularra garatzeko oinarriak jarri nahi ditu. Sokekin konposta egin genezake edo atzera zatitu eta bioplastikoak sortu, hainbat sektoretan modu desberdinetan berrerabili ahal izateko. Gero, bertatik jasotzen ditugun produktuak erabili elikadurarako edo ostera ere Biogears proiektuko sokak sortzeko. Gure helburua da ekonomia zirkular lokala sortzea. Hau da, tokian tokiko laborategi urdinak edo Blue Labs deitutakoak sortzea, eta horren inguruan sortu daitezkeen negozio berriak edo ekonomia zirkular guztia lokala izatea, eredu hau Europako herrialdeetara zabalduz.
Zeintzuk osatuko lukete Blue Labs edo laborategi urdin horiek?
Ekoizpen enpresek, ikerketa eta administrazio sektoreek eta hezkuntza arloak ere bai. Guztiontzat onuragarria izango den akuikultura jasangarria lortu nahi badugu, bai gizartearentzat, bai ekonomiarentzat, guztiok egon behar dugu konektatuta Blue Labs deitzen dugun sare horretan.
“Muskuiluak kordatu eta Mutrikuko batean jarri genituen ekainaren 15ean, eta laster Aztik Mendexan daukan gune esperimentalera edo long-line-era eramango ditugu”
Zelako harrera eduki du proiektuak?
Nahikoa harreman eduki dugu erakundeekin: ikerketak egiten dituztenak, algak edo materiala ekoizten dituzten enpresak… Material biodegradagarriak edo biomaterialak gutxi erabili dira itsasoko aplikazioetan. Orain arte erabili diren biomaterialak fibra naturalak izan dira, eta oso biodegradagarriak dira itsasoan. Baina guk itsasoan muskuiluak hazteko soka bat behar badugu ezin da degradatu hamabost egunean edo urte betean. Itsasoan degradatzen ez den baina hazkuntzarako funtzionala den soka bat egitera iritsi gara. Bakteriak, itsasoaren indarrak, eguzkiaren erradiazioak… Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, produktu sendoa eta funtzionala lortu behar duzu, eta horretan gabiltza.
Zelan frogatzen duzue soka horien erresistentzia?
Muskuiluak kordatu eta Mutrikuko batean jarri genituen ekainaren 15ean, eta laster Aztik Mendexan daukan gune esperimentalera edo long-line-era eramango ditugu. Giro ezberdinetan eta energia desberdinetan, babestutako gune baten edo kostatik aparteago daukaten erantzuna ikusi nahi dut. Bi soka prototipo egin ditugu, konposizio ezberdinekoak, biomaterial ezberdinekin eta gehigarri ezberdinekin, biodegradagarriak eta ez toxikoak. Aztiren eta Itsaskordaren ezagupenei esker lortu da hazkuntzarako egokia den soka mota. Guk aurretik bost soka ezberdin probatu genituen gure off shore-era ondoen zein egokitzen zen ikusteko. Jada badakigu zeinek funtzionatzen duen hobetoen eta horren itxurara egin ditugu sokak, beraien fabrikazio prozesua erabiliz.
Zenbat denboran egongo dira muskuiluak soketan?
Urte eta erdi, eta gero algekin hasiko gara. Algak hazi eta prest daudenean batean eta long-line-ean jarriko ditugu. Gure helburua da baita ere, teknika aldetik ere hazkuntza jasangarriagorantz joatea. Horrela, algak eta muskuiluak batera ipiniko ditugu, hazkuntza multitrofiko baten modura. Kultibo modu hori ere zirkularra da; muskuiluak botatzen dituzten hondakinak izango litzatekez nutrienteak algentzako. Horrela hazkuntza bera jasangarriagoa bihurtzen dugu, nutrienteen erabilera zirkularra lortuz.
Mota horretako hazkuntzarik egin da aurretik?
Euskal Herrian off shore-an eta biomaterialekin egindako soketan, muskuilu eta algen hazkuntzan Biogears proiektua aitzindari izango da. Algentzako soka mota bi egin behar izan ditugu hazkuntza fase ezberdinetarako. Akabera desberdinak baina material beraz eginda, meheagoa eta lodiagoa. Azkenean, bi prototipo egin ditugu muskuiluentzat eta lau algentzat. Horrez gain, orain, hirugarren buelta bat emango diogu proiektuari. Plymoutheko (Ingalaterra) enpresa batek probatu nahi ditu, beste espezie bategaz.
Nazioarteko beste lekuren bategaz harremanetan zaudete?
Bagaude kontaktuan. Alaskatik hartu-emanetan jarri ziren. Espainiako Apromar elkartearen harrera oso ona eduki du, arrantza sektorearen interesa ere piztu dugu eta Azoresetik ere kontaktuan jarri dira. Aplikazio ugari izan ditzake, eta ikusten da behar bat badagoela.