Iruzubik eta Ilunpek irabazi dituzte Markina-Xemeingo 2. Pintxo Bidearen sariak
Iruzubik arrain, tomate eta ahuakateagaz egindako Mexikar Itsasoko Tosta izan da Pintxo Bideko epaimahaiari gehien gustatu zaion pintxoa. Gaur [Irailak 28] banatu dituzte sariak udaletxean.
Iruzubi eta Ilunpe tabernek eraman dituzte 2. Pintxo Bidea lehiaketako sariak. Aurten parte hartu duten zortzi tabernak prestatutakoa dastatuta, Iruzubik arrain, tomate eta ahuakateagaz egindako Mexikar Itsasoko Tosta gustatu zaio gehien epaimahaiari, eta Ilunpek okela, tipula eta piperragaz egindako Kiriko izeneko elaborazioari eman diote 0 kilometroko saria. Pozik jaso dituzte taberna bietako kideek bi sari horiek, gaur [irailak 28] eguerdian udaletxean egindako sari banaketan, Hemen be bai merkatari elkarteko kideak eta udal ordezkariak ere bertan egon dira.
Uztailean egitekoa zen ekimena atzeratu egin behar izan zen pandemia dela eta erabakia zuzena izan dela adierazi du Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak. “Ondo etorri da atzeratzea, ekimena beste baldintza batzuetan egiteko aukera eman duelako”. Parte-hartzaile guztien ahalegina goraipatu eta eskertu du alkateak. “Eskertzen da parte hartzaileek egindako ahalegina; lan oso ona egin dute”.
Hemen be bai elkartekoek esan dutenez, ekimena atzeratu behar izan duten arren, lehen egunetik parte hartzeko asmoa agertu zuten tabernek aurrera egin dute. “Horren beldurragaz geunden baina ez da bajarik egon”. Lehiaketaren emaitzagaz ere “oso gustura” geratu direla azaldu dute. “Pandemiaren eraginez, uste genuen pintxo gutxiago salduko zirela eta jende gutxiago ibiliko zela, eta egia esan, lehenengo urtearen antzera ibili gara”. Lehen urtean 2.360 pintxo saldu ziren eta aurten 2.356 pintxo, lau gutxiago.
Pintxo lehiaketako sariez gain, bezeroentzako sari bat ere egon da. Hori lortzeko, pintxo guztiak probatu eta triptiko bat bete behar zuten bezeroek. Aurtengo irabazlea Marisa Juaristi Mandiola izan da; 50 euroko txartela oparitu diote herriko dendetan gastatzeko.