Lea-Artibaiko Ekintzailearen Eguna ospatuko da Markina-Xemeinen
Eskualdeko ekintzaileen lana azaleratu eta merezi duten aitortza ematea du helburu ekimenak. Plazabarripean jarriko duten Lea-Artibaiko enpresa berrien azokagaz hasiko da eguna.
Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak Lea-Artibaiko Ekintzailearen Eguna antolatuko dute zapatuan [urriak 2] eskualdeko ekintzaileen lana azaleratu eta merezi duten aitortza emateko helburuagaz. Urtero eskualdeko herri ezberdin batean ospatzen den egun hori Markina-Xemeinen izango da aurten; eguraldi ona balego Arkupe aurrean izango dira ekintzak eta txarra balego Plazabarripean.
Urtero modura Lea-Artibaiko enpresa berrien azokagaz hasiko da ekitaldia 10:30ean, eta 13:00ak arte egongo da eskualdean sortu diren hainbat enpresa berrietako jarduna eta horiek eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko aukera.
Ume eta gazteei zuzendutako ekintza bat ere antolatu dute Lea-Artibaiko Ekintzaileen Egunerako. Horrela, tailer bat egongo da Sormen Lantegiaren eskutik. Tailerra, baina, saio bitan banatuta egongo da: 10:30ean izango da lehen saioa eta 12:00etan, bigarrena.
Ostean, Azokari amaiera emateko, XIV. Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketako sariak banatuko dituzte. Hiru dira emango dituzten sariak: Negozio ideia berritzaileena, 2.000 euroko sariagaz; Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa ideiarik onena, 1.500 euroko sariagaz, eta kooperatiba izaera juridikoa duten enpresak aurkeztutako proiektu onena, 2.000 euroko sariagaz.
Aurten, lehen aldiz, gainera, herritarrentzako saria ere egongo da. Bertoko produktuekin osatutako Hamen Bertokoa otzara bat jaso ahal izango dute, ekimen hau sare sozialen bidez komunikatzen eta zabaltzen parte hartzen dutenek. Azaldu dutenez, bi erakunde antolatzaileek lehiaketari buruz argitaratzen dituzten argitalpenak komentatu behar dira, edota Lea-Artibaiko Pertsona Ekintzailearen Egunerako programatutako ekimenen harira herritarrek bere sare sozialetan igotzen dituzten argitalpenetan Azaro eta Leartibai, bi erakundeak, aipatu.