Ugaitz Alegriak zuzentzen duen 'Perez sagutxoa' estreinatuko dute asteon
Estreinaldia zapatuan [urriak 2] izango da, Zornotzan. Sarrera bakan batzuk geratzen dira libre. Iñaki Maruri aktore ondarrutarra da ikuskizunaren musika zuzendaria.
3 eta 9 urte bitarteko umeei zuzenduta dago Glu-Glu konpainiaren Perez sagutxoa: benetako jatorria antzezlana, eta Ugaitz Alegria aktore ondarrutarra da obraren zuzendaria. Dena dela, Alegria ez da obraren parte den ondarrutar bakarra. Izan ere, Iñaki Maruri aktore ondarrutarra musika zuzendaria da. Zapatuan [urriak 2] Zornotzan estreinatuko dute obra; bi emanaldi eskainiko dituzte, 12:30ean eta 18:00etan, eta bi saioetarako sarrera bakan batzuk baino ez dira geratzen.
Uda baino lehen hasi ziren obragaz; frogak, lehendabiziko irakurketak eta abar egin zituzten. Entseguekin, ostera, abuztuaren 23an hasi ziren. Obra Zornotzan estreinatu eta gero, domekan [urriak 3] Gernika-Lumon ariko dira, eta ostean beste hainbat herritan ariko dira: Astigarraga, Getxo, Basauri, Azkoitia, Beasain, Elgoibar, Irun, Andoain, Donostia, Arrasate, Eibar, Durango…
Antzezlanaren testua Galder Perezek egin du, eta aktoreak ondokoak dira: Andrea Covadonga Lopez Pita, Jon Casamayor Garcia, Sara Barroeta de Luis eta Leire Ormazabal Ezpeleta.