Urriko Azoka Nagusia bertan behera utzi izana kritikatu du Markina-Xemeingo EH Bilduk
Koalizioko kideek diote "azken momentuan" erabaki dela azoka ez egitea, eta ez daudela ados erabakia hartzeko moduagaz. Hain zuzen ere "alternatiba falta" kritikatu dute koalizio abertzaleko kideek.
Markina-Xemeingo EH Bilduk esan du “iaz modura aurten ere azken momentuan” erabaki dela Urriko Azoka Nagusia ez egitea. “Ez gaude ados erabakia hartzeko moduagaz. Izan ere, aste gutxi falta direla erabaki da bertan behera uztea, eta ez da bestelako formaturik proposatu”.
Iaz azoka egingo ez zela jakin zutenean, ekoizleen galerei “nolabaiteko konpentsazioa” emateko eskatu zutela gogorarazi dute. “Gaur gaurkoz, baina, ez daukagu hori egin denaren berririk. Aurten ere antzeko egoeran geratzen dira lehen sektoreko ekoizleak. Sortutako kalteak ordaintzeko ezer aurreikusi al da?”.
Gaineratu dute urriaren 3an beste ekintza txiki bat (Baserriko Produktuen Merkatua) egingo dela Markina-Xemeinen. “Ekintza horri ez zaio ‘azoka’ deitu nahi izan. Horretan, baina, ekoizle gutxi batzuek edukiko dute parte hartzeko aukera”.
Horren aurrean, bi gogoeta luzatu dute EH Bildukoek: “Alde batetik, zergatik ekintza batzuk egin ahal dira zapatuetan, eta beste batzuk ez? Adibidez, zergatik antzerkiak zapatuetan eta musika emanaldiak domeketan? Zergatik ikuskizunak zapatuetan eta azokak domeketan? Zein da irizpidea? Beste alde batetik, lehen sektoreari bultzada ematea bada helburua, non geratzen dira aurten ere ganadu jabeak? Zein da beraien tokia?”.
Hain zuzen ere alternatiba falta kritikatu dute koalizio abertzaleko kideek. “Eskualdeko azoka izanda, bestelako formatu bat edo batzuk eman ahal izango zitzaizkion azokari aurretik sasoiz antolatuta. Ezin al zen egoera hau aurreikusi?”.