Berriatua eta Danok Bat, Espainiako kluben arteko txapeldun
Berriatuko Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal emakumeen kategoriako irabazleak izan dira. Danok Bateko Bixente Gonzalez eta Ion Iparragirre, aldiz, gizonezkoen kategoriako onenak izan dira.
Espainiako kluben arteko binakako zesta-punta txapelketaren azken fasea lehiatu da asteburuan Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Barikuan [urriak 1] eta zapatuan [urriak 2] final-laurdenak eta finalaurrekoak jokatu ostean, domekan [urriak 3] erabaki zen 54 metroko frontoian jokatu den txapelketaren finala, eta dominekin itzuli dira etxera Berriatuko zesta-punta eskolako eta Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteko puntistak. Emakumezkoen kategorian Berriatuko Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal izan dira onenak, eta gizonezkoen kategorian, berriz, Danok Bateko Bixente Gonzalez eta Ion Iparragirre.
Emakumezkoen kategoriako finalari dagokionez, Donostiako Naroa Merino eta Eneritz Lizardi mutrikuarraren aurkatu aritu ziren aurrez aurre Arakistain eta Aldazabal. Final polita eskaini zuten bi bikoteek, baina kantxan erakustaldi ederra emanda, bi setetan erabakita laga zuten partida berriatuarrek. Lehenengo setean pareko ibili ziren, donostiarrak estu ibili ziren berriatuarrei eutsi nahirik, baina ezin izan zituzten mendean hartu; 15-12 nagusitu zen Berriatuko bikotea. Bigarrenean, berriz, Berriatuko bikoteak aukera gutxi laga zion Donostiakoari, eta gehiago izan ziren kantxan, 15-7 irabaziz.
Gizonezkoen kategoriako finala, berriz, hiru setetan erabaki zen. Partidu gogor, parekatu eta zirraragarria jokatu zuten Zumaiako Agirre eta Urangaren aurka Gonzalezek eta Iparragirrek. Lehenengo seta 15-10 irabazi zuten mutrikuarrek. Bigarrena, berriz, Zumaiako bikotearentzako izan zen (8-15). Azken setean oso pareko ibili ziren bi bikoteak. Aurretik hasi ziren mutrikuarrak eta lau tanto errenkadan lortu ostean, 4-0 jarri ziren aurretik markagailuan. Zumaiarrek gero ondo estutu zuten, eta ia berdinketa lortzeko zorian egon baziren ere, garaipena mutrikuarrentzat izan zen; 10-9 nagusitu ziren.
Gizonezkoen kategorian, Berriatuko eta Markina-Xemeingo puntistak ere aritu dira txapela irabazteko lehian, baina biak ala biak, final-laurdenetan kanporatu zituzten. Berriatuko Antxon Alberdik eta Roberto Lekuek 0-2 (12-15, 11-15) galdu zuten Zumaiako bikotearen aurka. Markina-Xemeingo Ibarluzea eta Goitiandiak, berriz, 1-2 (7-15, 15-11 eta 8-10) galdu zuten Gasteizko bikotearen aurka.