Ondarroako senegaldarren komunitateak herritarrengandik jasotako babesa eskertu du
Aurreko eguaztenean [irailak 19] itsasoan hildako marinelaren gorpua Senegalera aberriratzeko diru bilketa hasi du Ondarroako Sangomar elkarteak. Ondarroan bizi zen herritarraren lan istripua argitzeko eskatu dute Alamedan egindako elkarretaratzean.
Aurreko eguaztenean [irailak 29] lan istripuz itsasoan hil zen Abdoulaye Diome Ondarroako marinelaren heriotza salatzeko elkarretaratze jendetsua egin zuten domekan [urriak 3] Alamedan. Udalak ezarritako bigarren dolu egunean, zendutako herritarraren senideei, lagunei eta lankideei laguntza eta babesa eman eta lan baldintza duinak aldarrikatu zituzten Arrantzaleen eskubideak eta segurtasuna bermatu! eta Prekarietatea hiltzailea! Lan istripu gehiagorik ez! leloak zeramatzaten pankarten atzean batu ziren dozenaka herritarrek. Lan istripua salatzeko azken egunotan egindako bigarren mobilizazioa izan zen; barikuan [urriak 1] beste elkarretaratze bat egin zuten portu sarreran, gehiengo sindikalak deituta.
Mobilizazioaren amaieran udalak barikuan [urriak 1] onartutako adierazpen instituzionala irakurri zuen udal ordezkari batek, eta jarraian Mussa Thior Sangomar Ondarroako senegaldarren elkarteko ordezkariak hartu zuen hitza. Herriari eta herritarrei eskerrak eman zien herriko senegaldarren komunitatearen izenean; “momentu gogor hauetan” jasotako babesa eskertu nahi izan zuten. “Herriari eta herritarrei gure esker ona adierazi nahiko genieke, euren babesa emateagatik. Ezbeharra gertatu denetik gurekin batera sentitu ditugu”.
Eguaztenean itsasoan lan istripuan hildako marinelaren gorpua Senegalera aberriratzeko izapideak egiten hasita daude Ondarroako Sangomar elkarteko kideak
Ondarroako senegaldarren komunitatea “atsekabetuta” dagoela eta momentu “oso gogorrak” bizitzen ari direla ere esan zuen. “Diomek ez du familiarik hemen. Han dagoen familiari albiste hau emateaz arduratu behar izan gara, eta gogorra izan da”. Aldi berean, istripua argitzeko ere eskatu zuen.
Diomeren gorpua Senegalera aberriratzeko diru bilketa ere hasi dute. Nahi dutenek BBVAko kontu korronte batera (ES0182 4670 94 0201590017) egin ditzakete diru ekarpenak. “Orain garrantzitsuena familiari haren gorpua helaraztea da. Gorpua Senegalera aberriratzeko izapideak egiten hasita gaude. Ekarpen guztiak ongietorriak izango dira, kopurua edozein delarik ere, laguntzeko ondo etorriko da”.
Ezbeharra. Lan istripua martitzenean [irailak 28] gertatu zen, 23:45ak aldera, eta une horretan Kaxarra arrasteontzia Frantziako kostaldeko uretan ari zen arrantzan, lehorretik 6 bat miliatara. Lekukoen arabera, sarea uretaratzeko maniobratzen ari zirela sarea eusten duen kakoetako bat hautsi eta kable handi batek jota zauritu zen 40 urteko arrantzalea.
Herritarraren heriotza zerk eragin zuen argitzeko bitartekoak jarriko dituela esan du udalak
Arrantzalea ez zen bat-batean hil. “Kolpearen ondorioz besoa hautsi eta saihets aldean mina hartu zuen. Une hartan kontziente zegoen, eta osasun protokoloa aktibatu ostean, besoan ferula bat eta lepoko bat ipinita logelara eraman zuten; ontziak ere porturako bidea hartu zuen. Baina 01:00ak pasatxo zirenean haren egoerak okerrera egin zuen, eta arnasarik hartzen ez zuela ikusirik, telefonoz zerbitzu medikuek emandako gomendioak jarraituz erreanimatzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin”. Chemaipa enpresako arrasteontzia 10:00ak inguruan sartu zen Ondarroako portura.
Udalak, bere aldetik, bi eguneko dolua ezarri eta adierazpen instituzionala ere onartu zuen barikuan. “Ondarroako Udalak salatu nahi du istripuak, kosta ahala kosta, eta denaren gainetik saihestu behar direla. Edozein lanetan lan segurtasunak lehentasuna eduki behar du”. Lan istripuak sistema ekonomiko-sozialaren “egiturazko arazo” bilakatu direla esan eta erakunde guztiei eskatu die lan arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan laguntzeko. Horrez gain, esan dute hildakoaren senide eta lagunei beharrezkoak diren izapide guztietan lagunduko dietela. “Pedro Lasarte Iparragirre Aniztasun zinegotzia komunitate senegaldarrak Ondarroan dituen ordezkariekin etengabe harremanetan dago beharrezkoa den guztian laguntzeko”.
Herritarraren heriotza zerk eragin duen argitzeko bitartekoak ere jarriko dituela esan du udalak, eta lan istripua salatzeko egingo diren elkarretaratze guztiekin bat egiteko eskatu die herritarrei.