Elkartasunari esker, erosi dute Alain Arandok behar duen gurpildun aulkia
16 urteko gizaburuagarri gurpildun aulki elektriko berria erosteko elkartasun mendi irteera egin zuten uztailaren 11n herrian bertan. Ekimenak edukitako erantzun zabalari esker, aulki berria erosi ahal izan dute. Gaztearen gurasoek eskerrak eman dizkiete kanpainan euren alea ipini duten guztiei.
Harrituta eta eskertuta daude Inma Rafael eta Jose Arando, Alain Arando 16 urteko gizaburuagarraren gurasoak. Semea gurpildun aulkian ibili behar da, eta berri baten kostua estali ahal izateko dirua biltzeko elkartasun mendi martxa antolatzea bururatu zitzaien Gizaburuagako udal ordezkariei. Kanpainak iraun zuen hilabeteko tartean, berria erosteko nahikoa diru bildu zuten. “Aldez aurretik ezarrita zegoen diru kopurua erraz lortu zen. Semeak oi-
nez egiteko barne zola berezi batzuk erabiltzen ditu, eta gurpildun aulkiaz gain, berriak egiteko aukera ere eduki dugu”.
Arando-Rafael familiako kideak ezustean harrapatu ditu azken asteetan jasotako elkartasun eta babes olatuak, eta oraindik ere, ezin sinetsita daude. Aitortu dutenez, Gizaburuaga moduko herri txiki batean bizita, ez zuten espero halako erantzuna eta oihartzuna, eta hunkituta eskerrak eman dizkiete kanpainan euren alea ipini duten guztiei. “Ez genuen sinistu ere egiten, hainbeste jenderen laguntza jasotzea; elkartasun uholde hau ez dugu erraz ahaztuko. Mendi martxan herrikook parte hartuko genuela uste genuen. Egia esan, ez genuen uste hainbeste zabalduko zenik, baina sare sozialetatik azkar zabaldu zen berria”.
Gurpildun aulki berria erosteko ekarpena egin eta lagundu duten guztien eskuzabaltasuna banan-banan eskertzeko gogoa ere sentitu dute. “Hainbeste tokitako jendea inplikatu da honetan guztian. Nahiz eta mendi martxara etorri ez, toki askotatik jaso dira diru ekarpenak, Floridatik, esaterako. Jose han egon zen zesta-puntan jokatzen, eta han genituen hainbat ezagunek ere parte hartu dute. Kasu askotan banaka eskertzen saiatu gara eman diguten hori laguntza guztia, baina beste askori ezin izan diegu esker on hori adierazi. Askok Bizum bidez lagundu dute, eta askoren izenik edo daturik ez dugu horiei guztiei eskerrak emateko”.
Jasotako elkartasunak eta animo mezuek aurrera egiteko kemena eman diete Arandoren gurasoei
Elkartasun kanpaina bultzatu zuen Gizaburuagako Udala eta bertako herritarrei ezinbesteko aipamena ere egin nahi izan diete. “Udal ordezkariek ez zuten hau guztia itsumustuan egin, gugaz kontsultatu zuten aurretik. Gure semearen alde mendi martxa antolatzeko baimena eskatu ziguten, eta beste guztiaz eurak arduratu ziren. Herri guztia inplikatu da, eta horiek egin duten ahalegina sekulakoa izan da, gu oso eskertuta gaude. Herritarrek euren kontura egin duten guztia eskertzeko ez dago berbarik. Era batera edo bestera, denek jarri dute euren alea, eta ondo egindako gauzak eskertu egin behar direla uste dugu”.
Diru ekarpenaz gain, jaso dituzten animo mezuak ere asko izan direla azpimarratu dute. “Jendeak zelan erantzun duen ikustea izugarria izan da. Hainbat mezu eta dei jaso ditugu urte askoan ikusi ez ditugun lagunen partetik. Kalean ere hainbat lagun eta ezezagunek ere geratu ere izan gaituzte laguntza zelan eman ziezaguketen galdetzeko. Hirurontzat ikaragarria izan da”.
Bizitza etengabeko erronka bat bihurtu da Gizaburuagako gaztearen gurasoentzat, eta elkartasun uholde horrek aurrera egiteko kemena eman dietela gaineratu dute. “Beteta amaitu dugu. Gure egunerokoa gogorra da, eta jendearengandik jasotako babes honek moralki lagundu eta arnasa eman digu; batez ere, aurrera jarraitzeko sekulako kemena eta indarra sentitu dugu”.
Gurpildun aulkia berria bestelako gurpil aulki motordunekin alderatuta “arinagoa” dela esan dute
Arandok aniztasun funtzionala dauka, eta ume-umetatik behar du gurpildun aulkia. “Hankak ez ditu ondo, eta zer edo zer oinez egiten badu ere, ezin du tarte luzerik oinez egin”. Semea gurpil aulkian batera eta bestera mugitzea ez dela erraza diote, baina herritarrek bultzatutako kanpainagaz erositakoak duen motor elektriko txikiak eguneroko joan-etorrietan “izugarrizko mesedea” egin diela esan dute. “Motor horrek aulkia mugitzeko nahikoa laguntza eskaintzen digu; oso praktikoa da egunerokoan batera eta bestera mugitzeko”.
Berezitasun modura, gurpildun aulkia berria bestelako motordunekin alderatuta “arinagoa” dela azaldu dute. “Aulkiak motor txikia eta arina edukitzea nahi genuen, bestelakoan autoan sartu eta ateratzeko orduan zailtasunak izango genituzke”. Aulkia baskulagarria dela ere gaineratu dute. “Alain oso gaizki esertzen da, eta bereizgarri hori ere ondo datorkigu. Txarto esertzen delako gerria txarto dauka, aldakak ere ez ditu hain ondo, eta hala postura aldatzen joan gaitezke. Semea tente jartzeko orduan ere asko errazten dizkigu gauzak”.
Gizaburuagako udaletik jasotzen ari diren laguntza eta arreta balioan jaso nahi izan dute
Gaixotasun asko dauzka semeak eta, ondorioz, osasun tratamendu konplexuak. Besteak beste, hainbat ebakuntza egin behar izan dizkiote; 20tik gora egin dizkiote jaio zenetik. “Kopuru horretatik aurrera zenbatzeari utzi genion. Duela urte asko izan zen, pentsa ordutik zenbat gehiago egin dizkioten”. Horiei aurre egiteko diru asko behar izan du familiak, eta horregatik laguntza eta baliabide ekonomiko publikoen garrantzia azpimarratu dute. Hala ere, erakunde publikoetatik ez direla “nahikoa babestuta” sentitzen diote. “Eurek badakite aniztasun funtzionala daukatenek beharrizan batzuk dauzkatela, baina ez dute nahikoa erraztasunik ematen”.
Herri txiki batean, hiriburutik urruti bizita ere, gauza asko egiteko zailtasunak dituzte: “Aurten, esate baterako, APNABItik udalekuetara joateko aukera eduki du Alainek, baina bertaratzeko garraiorik ez zigutela ipintzen esan ziguten. Halako kontu gehienak Bilbon daude, eta behin baino gehiagotan halako arazoekin topatzen gara. Batzuentzako txikikeriak izango dira, baina ez genuen ulertzen autobus berezi bat ez ipintzea edo garraiatzeko beste aukeraren bat ematea. Udalekuan lekua geneukan, baina garraioaren arazoa beste era batera konpondu behar izan genuen. Azkenean, udala taxi zerbitzu bat ordaintzeko eskaini zen. Zortedunak sentitzen gara, izan ere, kostu hori bere gain hartu zuen osotasunean”.
Hori bai, udaletik jasotzen ari diren arreta balioan jarri nahi izan dute. “Alkateagaz asko berba egiten dugu, eta udala beti gu laguntzeko prest azaldu izan da. Horrek bidea erraztu digu, zalantzarik barikĀ». Gizaburuagan antolatu den moduko ekintza gehiago egin beharko liratekeela uste dute. Jendeartean ikusgarritasuna beharrezkoa dela diote, eta euren errealitatea plazaratzeko baliabide aberatsa izan da herrian sortu den ekimena. “Dirua lortzetik haratago, jendea sentsibilizatu eta aniztasun funtzionala erdigunean jartzen da halako ekintzekin, eta hori ere oso positiboa iruditzen zaigu”.