Etxelilaren programazio berriak lau oinarri edukiko ditu
Iaz estreinatutako eztabaidagune feminista, emakumeentzako jabekuntza eskola, parte hartze guneak eta erakusketak izango dira programazio berriaren oinarriak. Matrikulazioa zabalik dago.
Beste urte batez, feminismoagaz lotura estua duten hainbat arlo landu eta beste hainbat esparru ikutuko dituzten ikastaroak, berbaldiak, tailerrak eta erakusketak eskainiko dituzte Ondarroako Etxelila Emakumin Topalekuan. Aurreko ikasturteetako programek eduki duten erantzun ona ikusita, aurten ere ildo beretik jarraitzea erabaki dute, baina beti ere kontuan hartuta, COVID-19a dela -eta unean uneko neurriak hartzeko aukera egon daitekeela. Aurkeztu berri duten Etxelilaren aurtengo programazioak lau oinarri edukiko ditu: eztabaidagune feminista, emakumeentzako jabekuntza eskola, parte hartze guneak eta erakusketak.
Urritik hasi eta uztailera bitartean, askotariko gaiak lantzen dituzten hamar ikastaro egiteko aukera egongo da. Urriaren 15ean eskainiko dute ikasturteko lehen ikastaroa. Ainhoa Aldazabal Gallastegi euskal filologian lizentziatuaren eskutik, literatura tailerra hasiko da. Hiru orduko sei saio egingo dituzte. Saio guztiak bariku arratsaldetan eskainiko dituzte, honako ordu eta egunetan: urriaren 15ean, azaroaren 12an, urtarrilaren 14an, otsailaren 11n, martxoaren 11n eta apirilaren 8an, 17:00etatik 20:00etara. Matrikulararen prezioa: 10 euro.
Ikastaroetan izena emateko epea gaurtik [urriak 6] aurrera zabalik dago. Matrikula egiteko fitxa Etxelilan edo udal berdintasun sailean eskatu beharko da, eta ordainketa egin ondoren, beteta bueltatu. “Matrikula ez da onartuko matrikula fitxa bete eta ikastaroa ordaindu arte. Eta behin matrikula eginda, baja emanez gero, ez da dirurik itzuliko”. Matrikulazia, goizetan, Udal Diru Bilketa bulegoan (Kantoipe 3an) egiteko aukera egongo da, eta arratsaldeetan, martitzenetik barikura, Etxelilan (Artibai 3, 1. solairuan).
[2021-2022 ikasturteko programa irakurri HEMEN]
Ikastaro bakoitzaren prezioa 5 eta 10 euro bitartekoa da, baina oinarrizko errenta jasotzen dutenek eta 20 urtetik beherako gazteek %50eko deskontua izango dute. Ohi modura, ikastaro bakoitzeko lagun kopurua bete ahala itxi egingo da matrikulazioa; bestela, ikastaroa hasi arte egin daiteke matrikula. Hori bai, talde bakoitzeko, gutxienez, zazpi lagun egon beharko dira. Gaineratu dutenez, aurten ere Txirrimorraskik kudeatuko duen haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute ikastaro guztietan; zerbitzu hori behar dutenek astebete aurretik jakinarazi beharko dute.
Iaz hasitako bideari jarraituz, aurten ere Eztabaida Gune Feministan parte hartzeko aukera egongo da. “Gune honen helburua herritar guztiei zuzendutako jarduerak antolatzea da, aditu batek gidatuta, hausnarketa eta eztabaida feministak garatzeko espazio bat irekiz”. Etxelilan egingo diren jarduera horietan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aurretiaz izena ematea. Urriaren 13an egingo dute lehenengo eztabaidagune feminista: Algara mutilatuak. Umorearen aho-bikotasunaz, feminismotik liburuaren aurkezpena eta solasaldia eskainiko du Ane Labaka Mayoz bertsolari, sortzaile eta ikerlariak, 18:30ean, Etxelilan.
[2021-2022 ikasturteko programa irakurri HEMEN]
Aurkezpenak. Parte hartze guneei dagokienez, berriz, aurten ere herriko emakumeek taldean parte hartzeko lau espazio anitz antolatu dituzte: Aringaingan, Literaturaz eztabaidatzeko gunea, Andrabanda Feminista eta Neska Gazteen Txokoa. Zehaztu dutenez, Arantza Burgoa Agirregomezkorta kirolariak dinamitzatzen duen Aringaingan taldearen aurkezpena, esaterako, eguenean [urriak 7] egingo dute, 19:00etan hasita.
2021-2022 ikasturteko Etxelilaren programazioa borobiltzeko, hiru erakusketa antolatu dituzte: Saturraran, 1938-1944 (azaroan eta abenduan), Opil eta muxilen binetak (urtarriletik martxora) eta Ondarrutik sortzen duten emakumeak (apiriletik ekainera). Hiru erakusketak Etxelilaren ohiko ordutegian egongo dira ikusgai: martitzenetik barikura, 16:30etik 20:30era.