Ondarroako X. Nanoipuin Lehiaketara lanak aurkezteko epea zabaldu dute
Kontakizunak posta elektronikoz bidali behar dira eta horiek aurkezteko azken eguna azaroaren 2a da. 700 euro banatuko dituzte saritan.
Ondarroako Udal Euskara Sailak X. Nanoipuin Lehiaketa jarri du abian. Euskara saileko arduradunek iragarri dutenez, sorkuntzaren bidez euskara sustatzeko helburuagaz sortutako lehiaketara lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 2a da. Literaturzaletasuna bultzatze aldera sortutako sariketara edozein aurkeztu ahal da, ondarrutarra izan ala ez, eta ez dago adin mugarik. Antolatzaileek bateko eta besteko herritarrak ipuin motzak idaztera eta lehiaketan parte hartzera animatu dituzte. “Eman bidea zure sormenari. Baliatu aukera eder hau eta parte hartu lehiaketan”.
Ohi modura, hiru sari banatuko dituzte. Denetara 700 euro banatuko dituzte saritan. Kontakizunik landuenak 400 euro eskuratuko ditu, eta bigarren eta hirugarren sarituek, berriz, 200 eta 100 euro, hurrenez hurren. Azken urteetan legez, kontakizunek gehienez ere 140 karaktere (espazioak barne) eduki ditzakete, eta gaia librea da. Zehaztu dutenez, parte hartzaile bakoitzak gehienez bi nanoipuin aurkeztu ahalko ditu; biak bidalketa bakar batean bidali beharko dira.
Nola aurkeztu? Lanak euskara sailera bidali behar dira, posta elektronikoz (mrey@ondarroa.eus); nahitaez ezizen bategaz sinatuta bidali behar dira. Posta elektroniko berean egilearen izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia eta telefono zenbakia ere bidali beharko dira. “Testua eta egilearen datuak, biak alabiak, posta elektroniko berean bidaliko dira aparteko agiririk erantsi barik”.