Sinadura bilketa hasi dute, ikasgelak komunikatzaile dinamikoz hornitzeko eskatzeko
Almike San Millan Mutrikuko bizilagunak 'Osoigo' plataformaren bidez egin duen eskaera hauspotzeko, gutxienez, 500 sinadura beharko dira. Ordu gutxian kopuru horren erdia gainditu dute.
Almike San Millan Mutrikuko bizilagunak sinadurak biltzeari ekin dio Osoigo plataformaren bidez. San Millanen 12 urteko semeak Angelman sindromea dauka, eta daukan aniztasun funtzionalaren ondorioz, hizkuntza gaitasun txikia dauka. Zehaztu duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari hezkuntza bereziko gela egonkorrak eta eskola arrunteko gelak komunikatzaile dinamikoz hornitzeko eskatzeko abiarazi du egitasmoa. “Premia eta komunikaziorako behar bereziak dituzten ikasleen beharretara egokitutako hezkuntza eskatzen dugu”.
San Millanek azpimarratu duenez, eskakizuna ez da soilik euren semearentzako, baizik eta komunitzaile baten beharra duten ikasle guztientzako. “Komunikazioa beharrezko tresna eta eskubidea da. Aitorrek, zorionez, badauka bere komunikatzeko sistema bat gurasook esku hartu hala izan dugulako. Gure kasu indibidialean, hasieratik asko mugitu izan gara, eta semearentzako komunikazioa oso garrantzitsua zela ikusirik, denbora daramagu hor murgilduta. Baina familia askok, beharbada, ez dute nahikoa baliabide logistikorik edo ekonomikorik, ezta denborarik ere, hori aurrera eramateko”.
Premia bereziak dituztenen eskubideak “tinko” defendatzeko prest dagoela dio. “Familiek ezin dute erronka hori bere gain hartu, Eusko Jaurlaritza izan beharko litzateke bideratzailea. Komunikatzeko sistema hau ikastetxeetan ezartzea eskatzen dugu; gure ustez, komunikazio plan hau curriculumean sartuta egon beharko litzateke. Ahots bidezko hizkuntza bat erabili ezin duten umeei edota komunikatzeko zailtasunak dituztenei premia hori asetzeko aukera ematea nahi dugu”.
San Millanek Internet bidez egin duen eskaera hauspotzeko gutxienez 500 sinadura beharko dira. “Kopuru hori Eusko Legebiltzarrak galderari erantzuteko gutxiengo kopurua da. Kopuru hori gainditzen bada, Eusko Legebiltzarreko polikariek Osoigo plataformaren webgunean erantzungo dute guk egindako galdera. 1.000 sinadura baino gehiago jasotzen badira, gainera, eskaera Espainiako Parlamentuko politikariek ere erantzun beharko luketela esan didate”.
Internet bidezko sinadura bilketa gaur [urriak 7] 12:00etan hasi dute eta ordu gutxian 250 sinaduratik gora batu dituzte. “Kanpaina oso martxa onean hasi da, eta daraman martxa ona ikusita, helburua gainditzea espero dugu. Sinadurak batzeko eperik ez dago, baina gure asmoa ahalik eta sinadura gehien lortzea da; zenbat eta oihartzun handiagoa lortu, hobeto. Kanpainarekin hezkuntza arloan eragina eduki, gaia erdigunera ekarri eta Eusko Legebiltzarrean horri buruz eztabaida bat sortzea da helburua. Entzun gaitzatela eta ikus dezatela gizartearen parte handi bati gaiak ardura diola eta horien babes handia daukagula”.
Internet bidez hasi behar duen kanpaina abiatzeko aukera “ezustean” sortu zaiola ere aipatu du Mutrikuko bizilagunak. “Herritarrak eta politikariak kontaktuan ipintzen dituen Osoigo plataformako kideak nirekin zuzenean jarri ziren harremanetan, eta hala nahi izanez gero Eusko Legebiltzarreko politikariei galdera bat luzatzeko prest leudekeela azaldu zidaten. Aitor Berbetan Instagrameko kontuaren jarraitzaileak dira, eta lantzen dugun gaia komunikazio handigarriaren eta alternatiboaren mundua dela ikusita, politikariei zer edo zer esateko edukiko genuela iruditu zitzaien; horregatik eskaini digute euren plataforma”.