Urriaren 30ean izango da Ondarroako Liburuen Amuak irakurle taldearen lehen hitzordua
Egitasmoa irakurtzeko zaletasuna duen edonori zabalik dago. Urritik maiatzera bitartean bost liburu irakurri eta horiei buruz berba egiteko aukera egongo da.
Ondarroako Udalak antolatzen duen Liburuen Amuak irakurle taldearen aurtengo ikasturteko eskaintza prest dago. Urriaren 30ean hasiko du ibilbidea egitasmoak Fleur Jaeggy-k idatzitako eta Miren Iriartek eta Fernando Reyk itzulitako Proleterka eleberriari buruzko solaldiagaz. Literatur zaleak, ohi modura, hilabeteko azken zapatuetan elkartuko dira Txomin Agirre udal liburutegian, eta Joxemari Urteagaren gidaritzapean bi orduko saiori ekingo diote; 10:00etatik 12:00etara, hain zuzen, liburu bati buruz jarduteko aukera egongo da.
Maiatzera bitartean, beste lau proposamen irakurri eta horiek “giro lagunkoian” hizketagai izango dituzte irakurle taldean. Azaroaren 27an izango da hurrengo hitzordua; Pello Lizarralderen Argiantza landuko dute irakurzaleek. Etenaldia egin ostean, otsailaren 26an egingo dute hurrengo irakurtaldia; bertan, Nerea Baldaren Atzerrian liburuari buruz jarduteko aukera egongo da. Martxoaren 26an, berriz, Fracis Scott Fitzgerald-ek idatzitako eta Xabier Olarrak itzulitako Gatsby handia eleberria hartuko dute hizpide. Ikasturteko azken saioa maiatzaren 28an egingo dute, eta bertan Joxean Agirreren Nobela errealista bat izango dute mintzagai.
Egitasmoa irakurtzeko zaletasuna duen edonori zabalik dago. Euskal literatura zaleen topagunean parte hartu nahi izanez gero, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa dela gogorarazi dute. “Zuk ere libururen baten solasaldian parte hartu nahi izanez gero, deitu eta izena eman”. Solasaldietan parte hartzeko bi bide daude: udal euskara zerbitzura deitu (94-683 36 68 ) edo mrey@ondarroa.eus posta elektronikora idatzi daiteke edo, bestetik, Txomin Agirre udal liburutegira deitu (94-683 33 43) edo liburutegia@ondarroa.eus posta elektronikora idatzi.
EGUTEGIA:
- Urriak 30, zapatua: Fleur Jaeggy-k idatzitako eta Miren Iriartek eta Fernando Reyk itzulitako Proleterka.
- Azaroak 27, zapatua: Pello Lizarralderen Argiantza.
- Otsailak 26, zapatua: Nerea Baldaren Atzerrian.
- Martxoak 26, zapatua: Fracis Scott Fitzgerald-ek idatzitako eta Xabier Olarrak itzulitako Gatsby handia.
- Maiatzak 28, zapatua: Joxean Agirreren Nobela errealista bat.