Energia Bulego Birtuala zabaldu dute Debabarrenan
Atari digitalean etxeko energia berriztagarriei eta energia berriztagarrien instalazioari buruzko kontsultak egin ahal izango dituzte herritarrek eta bizilagun komunitateek. Abenduaren 31ra arte egongo da martxan zerbitzua.

Debabarreneko udalek, Debegesarekin elkarlanean, energia berriztagarriei eta birgaitze iraunkorreko obrei buruzko eskualdeko aholkularitza zerbitzua abiarazi dute gaur [urriak 13]. Zerbitzua gaurtik abenduaren 31ra arte egongo da martxan. Energia Bulego Birtuala izena dauka zerbitzuak eta beronen helburua da erantzunkidetasunean oinarritutako energia kultura bultzatzea, energiaren erabilera arduratsua sustatzea eta instalazio eraginkorragoak eta jatorri berriztagarrian oinarritutako energia kultura zabaltzea.
Eskualdeko herritarrei eta bizilagun komunitateei dago zuzenduta zerbitzua, eta bertan etxeko energia berriztagarriei (berokuntza, etxetresna elektrikoak, inguratzaile termikoa eta argiztapena) eta energia berriztagarrien instalazioari (eguzki-energia fotovoltaikoa, eguzki-energia termikoa, aerotermia, biomasa eta geotermia) buruzko kontsultak egin ahal izango dira.
Faktura elektronikoari buruzko kontsultak bilduko dituen atal bat ere gehitu dute. “Bertan energia fakturaren azterketa eta aurrezteko eta kontsumitzeko ohituri buruzko aholkuak emango dira”. Zerbitzu horiez gain, energia berriztagarrien instalazioari eta birgaitze iraunkorreko obrei buruzko aurkezpen grafikoak ere badaude webgunean. “Modu errazean azaltzen da, besteak beste, zer den eta nola funtzionatzen duen, zer onura dituen eta instalatzeko prozedura”.
Internet bidez egindako kontsulta guztiak gehienez ere hamar egun balioduneko epean erantzungo dituztela esan dute. Idatziz erantzungo dituzte, webgunean bertan betetako inprimakian emandako helbide elektronikora. Inprimakiak betetzeko laguntza behar duten erabiltzaileek hitzordua eskatu behar dute Debegesan 943-82 01 10 telefonora deituta. “Garapen Agentzian lagunduko diete inprimakia behar bezala betetzen”.