Zaldupe udal futbol zelaiko harmailak berritu dituzte
Bizkarralderik bariko 345 aulki gorri ipini dituzte tribunan. Hurrengo asteetan beste 20-30 aulki ipiniko dituzte lehen ilarako bi hegaletan. Eserlekuak berritzen 4.086,90 euro inbertitu ditu Aurrera Kirol Elkarteak.

Ondarroako Zaldupe udal futbol zelaiko tribunari itxura berria ematen hasi dira. Astelehenean [urriak 11], esaterako, harmailetako eserlekuak aldatu zituzten auzolanean. “Zortzi bat bazkideko taldea batu, eta eurak aritu ziren muntaketa lanak egiten”, esan du Mikel Santiso Aurrera Kirol Elkarteko presidenteak. 345 eserleku ipini dituzte denetara. “Hurrengo asteetan beste 20-30 aulki ipintzeko asmoa daukagu. Neurri batzuk ez dizkigute ondo bidali, eta lehenengo ilara osatzeko hegal bietako aulkiak ipintzea falta zaizkigu oraindik. Eskaera eginda daukagu, eta bidaltzen dizkigutenean falta direnak ipiniko ditugu”.
Aurreraren kolore nagusiagaz jantzi dituzte eserlekuak. “Lehen eserleku gehienak gorriak ziren, baina tartean urdin batzuk ere bazeuden. Orain guztiak kolore berekoak dira: gorriak”. Aurretik zeudenekin alderatuta, berriak errazago garbitzen dira eta material gogorraragoaz eginda daude. Hori bai, esan dutenez berriek ez dute bizkarraldea pausatzeko aukerarik ematen. “Lehen bizkarraldetik apurtzen ziren aulkietako asko. Jendeak hankak jartzen zituen gainean, eta beharrezko mantenimendurik barik azkar apurtzen ziren. Markina-Xemeingo Barroetan antzerako aulkiak daude hainbeste urtean, eta erantzun ona ematen ari direla ikusita, handik hartu dugu ideia”.

Boluntarioak Zaldupeko harmailetan eserleku berriak ipinitzen. Argazkia: Aurrera Kirol Elkartea.
Eserlekuak berritzen 4.086,90 euro inbertitu ditu klubak; kostuaren %100 euren gain hartu dute. “Uztailean egindako bazkideen ezohiko asanbladan 50.000 euroko aparteko funtsa erabiltzea onartu zen hobekuntza batzuk egiteko, eta hortik bideratu dugu eserlekuak berrizteko beharrezko kopurua. 1976an eraiki zen zelaia eta tribuna 1984-85 denboraldian egin zuten. Denbora tarte horretan ez da hobekuntza askorik egin, baina egokitzapen batzuk egitea premiazkoa dela iruditzen zaigu. Badakigu udalaren egoera ekonomikoa ez da erraza, baina gure aldetik ipini eta ahal dugun heinean guk geuk ditzazkegun gauzak hobetzen ahaleginduko gara”.
Presidentea pozik agertu da Zaldupen egindako aldaketekin. Iragarri duenez, beste bi esku hartze egitea aurreikusita daukate. Hilabetea amaitu baino lehen jokalarien aulki berriak ipiniko dituzte tribunaren beste aldean. “Modu horretara, harmailen aldea libreago geratuko da eta ilara guztietatik ikusiko da futbol zelaia; jokalarien aulkiek bestelakoan lehen ilaran jarritakoen ikuspegia izorratzen zuten”. Zelaia inguratzen duen sarea aurrerago konponduko dute. “Futbol zelaia inguratzen duten sareak zelan hobetu ahal ditugun aztertzen ari gara. Hori izango da gure hurrengo erronka”.