Gasteizko hilketa matxista gaitzetsi dute Ondarroan ere
Indarkeria matxistarekin behin betiko amaitzeko ordua dela eskatu dute Alamedan egindako elkarretaratzean.
Euskal Herriko herri askotan egin modura Ondarroan ere Gasteizko Sansomendi auzoan martitzenean [urriak 14] izandako azken hilketa matxista gaitzetsi dute. Udalak egindako deialdiari erantzunez, dozenaka herritar batu dira gaur [urriak 16] eguerdian Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ezĀ lelopean Alamedan egindako elkarretaratzean. Indarkeria matxistarekin behin betiko amaitzeko ordua dela eskatu dute. “Beste behin nahi dugu salatu indarkeria matxistaren pandemiak urte asko daramatzala gure artean. Gogoratu nahi dugu ostera ere, emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen aurkako urraketa dela, eta hori ezin dugu onartu”.
Hilketa matxista horren harira, azken egunotan beste hainbat mobilizazio egin dira Mutrikuko eta Lea-Artibaiko beste zenbait herritako udalek eta elkarte feministek deituta. Aulestin, Etxebarrian, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Munitibarren eguazten [urriak 13] iluntzean batu ziren herritarrak. Mutrikun, berriz, EMAk deituta eguen [urriak 14] arratsaldean egin zuten gertakaria salatzeko elkarretaratzea.
Gertaera. Martitzenen goizean 37 urteko bikotekidea hil zuen 42 urteko gizon batek labankadaz Gasteizko Sansomendi auzoko etxebizitza batean, eta ondoren, erasotzaileak bere buruaz beste egin zuen. Gogorazi dutenez, Euskal Herrian 112 emakume eta 11 ume hil ditu indarkeria matxistak 2003tik; Gasteizkoa aurtengo bosgarrena da.