Kulturarteko topaketa egingo dute estreinako Aulestin
Jatorri ezberdineko herritarren arteko elkar ezagutza bultzatu eta herriko errealitate kultur anitza ezagutzeko jai kutsuko topaketa egingo dute urriaren 23an. Hainbat herrialdetatik etorritako aulestiarren kulturaren erakusleiho bihurtuko da herriko plaza.
Urriaren 23an egingo dute ekintza, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan. Lehenengo bidar antolatu duten ekintzaren helburua jatorri ezberdineko herritarren arteko elkarbizitza sustatzea eta bultzatzea dela esan dute antolatzaileek. Elkar ezagutzeko eta herriko errealitate kultur anitza ezagutzeko jai kutsuko topaketa “koloretsu” bat izango da. “Hainbat herrialdetatik etorritako aulestiarren kulturaren erakusleiho bihurtuko da eguerdian plaza. Ondare jardunaldiek beti edukitzen dute gai bat. Aurtengoa gaia irisgarritasuna eta inklusibitatea dela ikusirik, kulturartekotasuna sustatzeko eta bultzatzeko jai bat antolatzea bururatu zaigu”.
Topaketa herriko kultura ezberdinak ezagutzeko baliatzeko egokia izango dela gaineratu dute. Azaldu dutenez, jatorri ezberdinetako herritarrek euren berri emango diete gainontzeko herritarrei. “Boliviarrek, esaterako, euren herrialdean jaten dituzten errezeta tipikoak prestatu eta euren herrialdeko folklorea erakutsiko digute; dantza tipikoak eskainiko dizkigute hango arropa koloretsuekin jantzita. Nikaraguako jatorria duten herritarrak ere baditugu herrian, horiek euren musika eta ohiturak erakutsiko dizkigute. Herrian bizi den mexikar batek ere argazkiak laga dizkigu. Arabiarrak ere baditugu herrian, eta haiek ere parte hartuko dute topaketan”.
Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, gainera, Kaleko ondare ibilbidearen aurkezpena ere egingo dute. Kulturarteko topaketaren aurretik egingo dute ekintza; 11:00etan Torrezelain batzeko hitzordua ipini dute. Antolatzaileek aurreratu dutenez, Aulestiko herriguneko eraikinik eta espaziorik interesgarrienak ezagutzera emateko diseinatu duten ibilbidea emango dute ezagutzera. Ibilaldian parte hartzeko interesa dutenek mugikorra eraman beharko dutela gogorarazi dute. “QR kodeen funtzionamendua azaldu eta puntu horietan zer topatuko duten erakutsiko diegu parte hartzaileei”.
Proposatu duten ibilbidea Torrezelain hasiko eta hilerrian amaituko dute
Zehazki, 17 QR kode ipini dituzte herriguneko eraikinik eta espaziorik interesgarrienen garrantzia historikoa eta artistikoa azpimarratzeko eta herria hobeto ezagutzeko helburuarekin. “Aurretik genuen material bat berregokitu dugu. 2014an ibilbide moduko bat prestatu genuen, eta ibilbide hori orain osatu eta findu egin dugu jende gehiagorengana ailegatzeko asmoagaz. Azken finean, irisgarriagoa bihurtu dugu. Bakoitzaren mugikorrean ikusi edo entzun ahal izango da espazio esanguratsu horien buruzko informazioa. Modu horretara, herriko ondare immateriala mugikortasun edo entzumen arazoak dituenarentzat ere eskuragarri geratuko da”.
Proposatu duten ibilbidea Torrezelain hasiko dute, eta handik Elizkaletik plazara abiatuko dira. Plazan geldialdia egin ostean, Aulestiko kale nagusian goitik behera abiatuko dira hilerriraino. QR kodeak zenbatuta daude, jarraitu beharreko hurrenkera zein den jakiteko. “Ibilbidea era zehatz batean egiteko moduan diseinatu dugu, baina gero norberak aukeratuko du ibilbide hori zelan egin”.
Astelehenetik barikura [urriaren 18tik 22ra], bestalde, irisgarritasuna eta inklusibitatea lantzeko hainbat ekintza egingo dituzte Aulestiko eskolan; ekintzok ere Ondarearen Europako Jardunaldien baitan egingo dituzte.