Maribel Aiertza: "Ipuin hauen eta liburu honen berezitasuna artea da"
Idazle etxebarritarrak artearen munduko paisaia, pertsonaia eta istorioekin osatu du 'Ezer ez da dirudiena' lana. Arte plastikoak gizarteratzeko nahiagaz kaleratu du zortzi narrazioz osatutako bilduma.
Elkar argitaletxeagaz kaleratu duen Ezer ez da dirudiena narrazio liburua aurkeztu du Maribel Aiertza idazle etxebarritarrak. Berriatuan bizi den idazleak barikuan [urriak 15] aurkeztu zuen gazte eta helduei zuzendutako bigarren lana, Antxiñe Mendizabal editoreagaz batera egindako aurkezpenean. Artearen munduan girotutako zortzi narrazioz osatu du bilduma, eta azaldu duenez fikzioa eta errealitatea uztartzen dituzte kontakizunek. “Ipuin hauen eta liburun honen berezitasuna artea da. Ipuin guztiak artearen girokoak dira, baina kontuz! Artean ezer ez da dirudiena, eta hemen ere usteak ezuste bihurtzen dira”.
Honakoak dira bilduman jaso dituen zortzi ipuinen izenak: Belarria, Grafitibirusa, Tarantulak, Lapurretak, Superraitona, Grabatua, Bekaduna eta Saria. Egilearen bizitzako osagai garrantzitsua da artea, eta horregaz lotura estua dute liburuan jaso dituen narrazioek; era guztietako arteari buruzko istorioak jaso ditu. “Halako ipuinak idazteko proiektu hau nahikoa modu naturalean sortu da nigan. Nire begi bat, beso bat eta hanka bat arte plastikoetan daude egunero eta orduero eta beste begia, besoa eta hanka literaturan”.
Narrazio guztiak giro berekoak badira ere, bakoitza teknika eta ikuspuntu ezberdinak landuz egin ditu
Azpimarratu duenez, arte plastikoak gizarteratzeko nahiagaz kaleratu du lana. “Ipuinik ahalik eta entretenigarrienak idaztea izan da lehenengo asmoa, baina horren barruan badago beste nahi bat ere: arte plastikoak gizarteratzea. Pena ematen dit jende gehiagok ez gozatzea artea kontenplatzearen esperientzia horretaz. Jakitun naiz gizartearen azaletik bizitzeko modu honek eta erritmo frenetikoak ez duela horretara laguntzen. Arteak eta literatuak beste patxada, lasaitasun, begiratzeko era eta denbora bat eskatzen dute, baina beste alde batetik, emozioen garaian ere bizi garela uste dut; eta zer egokiagoa arte plastikoak eta literatura emozio horiek pizteko, elikatzeko eta sentiarazteko”.
Arte plastikoetako paisaia, pertsonaia eta egoera berezi batzuk aukeratu ditu horretarako egileak. “Ahalik eta paleta koloretsuena osatzen saiatu naiz. Bai forma aldetik eta baita kolore aldetik ere ahalik eta lan aberatsena eskaini nahi izan diot irakurleari. Lan honegaz egin nahi izan dudana da arteak daukan museo itxurako urruntasun horretatik atera, oinarrietatik jaitsi eta jendeari gerturatu eta eskura eman liburu formatu batean bada ere. Artea aitzakia ona izan da gizartean ikusten ditudan ideia edo jarrera edo jokabide batzuei begiratzeko”.
Aipatzekoa da idazle etxebarritarrak egin duen ariketa literario “bikaina”ere. Narrazio guztiak giro berekoak badira ere, bakoitza teknika eta ikuspuntu ezberdinak landuz egin ditu. “Ipuin hauek benetan jolas hutsa izan dira. Kolore aniztasunaren bila eta ustea ezuste bihurtzeko joko horretan ibili naiz”. Forma aldetik ipuinik bereziena Grafitibirusa da; dena jarraian, puntu eta bereizirik barik idatzi du nahita. “Hizkuntza aldetik ere berezia da. Pertsonaiek ingelesez, andaluzieraz eta grafiti egileen jargoian berba egiten dute”.