Bularreko minbiziaren aurkako borrokarekin bat egin dute Mutrikun ere
Urtero modura, xingola arrosa irudikatzen duen pankarta zintzilikatu dute udaletxeko balkoian. Aurten, estreinako, Zabiel Jauregiko hormak ere kolore arrosaz argitaztatuta egon dira.

Gaur [urriak 19] Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta hartara zenbait ekintza sinboliko egin dituzte Mutrikun. Ohikoa den modura, eta eguna bera ardatz hartuta, udaletxeko balkoian xingola arrosa irudikatzen duen pankarta handi bat zintzilikatuta egon da; barikuan [urriak 15] zintzilikatu zuten pankarta,”gaixotasun hori duten pertsonei eta haien senideei babesa emateko helburuarekin”.
Gaurko egunari keinu bat egiteko nahiarekin eta bularreko minbiziaren aurkako kontzientzia pizteko nahiarekin, gainera, Zabiel Jauregia ere kolore arrosako argiekin argiztatuta egon da barikutik. “Udalaren ekimenez argiztatu dute eraikina. Estreinako argitaztu dute geuk eskatu gabe, eta elkarte modura halako ekintzak egitea oso ondo iruditu zaigu. Urtero-urtero udalaren babesa dugula eta ahal duten guztia egiten dutela ikustea pozgarria da”, adierazi dute AECC Gipuzkoa Elkarteko boluntarioek.

Zabiel Jauregia arrosa koloreko argiekin argiztatuta. Argazkia: AECC Gipuzkoa.
Herriko merkatariek ere ekimenarekin bat egiteko aukera eduki dute. Arrosa koloreko apaingarriak ipini dituzte saltokietan. “Gaurko egunari ikutu berezia emateko ahalegin berezia egin dute dendari askok. Erakusleihoetan edo denda barruetan zapiak eta puxika arrosak ipinita egon dira. Osasun etxean eta botiketan, bestalde, paperreko arrosak ere laga ditugu”. Gaurko eguna zein den bistaratzeko eta gaitz hori dutenei elkartasuna adierazi eta borrokan jarraitzeko indarra erakutsi nahian, zenbait herritar ere paparreko arrosak edo arropa arrosak jantzita atera dira kalera.
Eskualdean minbizia dutenei eta euren senideei laguntza emateko egoitza bat badagoela ere gogorarazi dute AECC Gipuzkoako Elkarteko boluntarioek. Egoitza Eibarren dago, Ardantza kaleko 11. zenbakian, eta astelehenetik barikura ematen du zerbitzua, 09:30etik 13:30era. “Elkarteko profesionalek laguntza eskainiko diete pazienteei alderdi psikologikoan eta baita gizarte gaietan ere. Diru laguntzen edo bajen kuadeaketan eta material ortopedikoaren maileguan ere laguntzen dute”. Laguntza hori guztia doan ematen dutela azpimarratu dute. Honakoa da harremanetan jartzeko telefono zenbakia: 943-20 24 94. “Edozein pazientek edo senidek deitu dezake edozein zalantza argitzeko edo elkarteko profesionalengana jo ahal izateko”.