Seriesland-eko sail ofizialean parte hartzeko aukeratu dute Ondarroan sortutako websail bat
Euskal Herriko ekoizpen onenaren saria lortzeko lehian izango da Aiert Goenaga eta Asier Rivera ondarrutarrek sortutako 'Zikings' websaila. Proiektu originala hamar ataleko hiru denboraldiz osatzeko asmoa daukate.

Bilboko Seriesland websailen nazioarteko jaialdi entzutetsuaren sail ofizialean parte hartzeko aukeratu dute Aire Globun ekoiztetxeko Aiert Goenaga eta Asier Rivera ondarrutarrek sortutako animaziozko Zikings lana; Euskal Herriko ekoizpen onenaren saria lortzeko lehian izango da. Lego panpinekin egindako umorezko ekoizpenaren hamar bat minutuko lehen atala astelehenean [urriak 18] estreinatu zuten, Bilborock aretoan. “Asier eta biok bertan egon ginen proiektua aurkezten eta horri buruzko xehetasunak ematen. Dena ondo joan zen”, esan du Aiert Goenaga proiektuaren gidoilari eta zuzendariak.
Jaialdiak telebistatik eta zinemaren ohiko kanaletatik kanpo sorturiko ikus-entzunezkoak proiektatzen ditu, eta nazioartean erreferentziazkoa bihurtzen ari da. Jaialdiaren sail ofizialean 30 herrialdetako 120 websail inguru daude lehian, eta bertan parte hartzeko aukeratuetako bat izatea pozgarria dela azpimarratu du. “Nahikoa jaialdi berria da, baina nazioartean erreferentzialtasun handia hartu du. Nazioarteko zirkuituan ospe eta garrantzia handia dauka, eta bertan egotea sekulako saria da guretzako. Telesail hauek beste hainbat lekutan ere ikusiko dituzte, eta guretzako erakusleiho ona da”.

Aiert Goenaga eta Asier Rivera, Seriesland jaildian ‘Zikings’ proiektua aurkezten. Argazkia: Aire Globun.
Sortzaile ondarrutarrak askorik aurreratu ezin badu ere, protagonistek ondarrutarrez egiten dutela eta zortzi laguneko kuadrilla bat osatzen dutela esan du. “Lana azpitituluekin aurkeztu behar da, eta gaur egun edonon ulertzeko modua dago. Istorioa Ondarroan dago kokatuta, baina edozein lekutan gertatzen diren gaiez ariko gara. Egunerokotasuneko edozein gairi buruz ariko dira protagonistak; gaur egun daukagun gizarteari kritika bat egin nahi dio telesailak”.
Proiektu originala hamar ataleko hiru denboraldiz osatzeko asmoa daukate. “Buruan darabilgun ideia hori da, baina horra helduko garen ala ez, denborak esango digu. Gauzak modu amateurrean egiten ditugu, eta ez dakigu noraino ailegatuko garen. Proiektuak etorkizunean formatu asko hartuko ditu. Telesail modura jaio bada ere, bestelako formatuetan ahal duela funtzionatu ikusi dugu berau sortu bitartean. Formatu desberdinetara egokitu ahal den ekoizpena da, azken finean”.
Lego panpinekin eta stop motion deritzon teknika erabilita egin duten animaziozko websaila aurreko lanak baino “askoz konplexuagoa” dela ere gaineratu du. “Aurreko lanekin alderatuta lan ikusgarriagoa da. Bi urte daramatzagu teknika hau lantzen eta geldika-geldika gauzak ikasten eta esperientzia hartzen ari gara. Askoz lan handiago exijitu digu, eta emaitza aldetik hori ere igarri egin dela uste dut”.