Alain Lersundik 'Nire zigilua' lana estreinatuko du asteon
Bilboko Kremlin aretoan estreinatuko du lana barikuan [urriak 29], 21:00etan. Sarrerak aretoko leihatilan erosi ahal izango dira, emanaldia hasi baino ordu erdi arinago.
Alain Lersundi artista ondarrutarrak bizipen pertsonaletatik abiatutako Nire zigilua. Homofobiaren (beste) istorio bat lan transformatiboa estreinatuko du barikuan [urriak 29] Bilbon. Emanaldia Kremlin aretoan (Maiatzaren biko kalea, 18) eskainiko du, 21:00etan. Sarrerak 4 euro balio ditu eta aretoko arduradunek azpimarratu dutenez, aurretiaz ezingo da sarrerarik erreserbatu; aretoko ateak 20:30ean zabalduko dituzte eta orduan erosi ahalko dira sarrerak leihatilan. “Heldu ahala sartu ahal izango da, edukiera bete arte”.
Lersundik berak zuzendu eta idatzi du ordu erdi inguruko lana, eta agertokian ariko den protagonista bakarra ere berak gorpuztuko du. Antzezlana bere bizipenetan oinarritzen den istorio gordin bat bada ere, fikzioz zipriztinduta dagoela azaldu du Lersundik. Barruan zeukan ezinegona ateratzeko barrura begira jarri eta biluztu egingo da oholtzan; modu horretara, publikoa gogoeta egitera animatu nahi du.
Alain Lersundi: “Orain lanak bide profesional bat hartu du eta bestelako publiko baten aurrean aurkeztuko dut; alde horretatik gogotsu eta urduri nago”
Ondarrutarrak duela gutxi amaitu ditu ikasketak Dantzertin, eta lana, hain zuzen, karrera amaieran aurkeztutako tesia da. Ekainean aurkeztu zuen tesia Ondarroako Portuko Ranpan, eta orain aurkeztuko duena lan “osatuagoa eta borobilduagoa” dela esan du; lanari “beste buelta bat” eman diola azaldu du. “Lana nagusiki ekainean aurkeztu nuenaren berdintsua da. Xehetasun eta ñabardura batzuk aldatu egin ditut. Batez ere, sinbologia aldetik erabiliko ditudan objektu batzuk aldatu egin ditut eta amaiera ere zer edo zer luzatu egin dut”.
Lehen emanaldira begira “gogotsu eta urduri” dagoela gaineratu du. “Lana aurrekoan ezagutzen nuen talde txiki batean aurrean taularatu nuen; guraso, lagun eta epaimahaikideen aurrean. Baina orain lanak bide profesional bat hartu du eta bestelako publiko baten aurrean aurkeztuko dut; alde horretatik gogotsu eta urduri nago. Bilbon ere artistez betetako lagun talde handi bat daukat, eta eurek ere lan honegaz noraino ailegatu naizen ikustea nahi dut”.
Emanaldi bakarra eskainiko du Bilbon. “Emanaldi bakarra lotu dut Bilbon. Azaroan Ondarroan beste emanaldi bat eskainiko dut Literatur Amuak jaialdiaren barruan eta abenduan Laudion ere antzeztuko dut lana”.