Lankidetza hitzarmena sinatu dute Aurrerak eta Athleticek
Hamar urteko iraupena daukan hitzarmena sinatu dute bi taldeek, futbola babestu, sustatu eta hedatzeko. Mikel Santiso Aurrerako presidentearen iritziz, halako hitzarmen luze bat beharrezkoa da proiektua epe luzera indartu eta hazteko.
Aurrera Kirol Elkarteak bidelagun berri bat izango du aurrerantzean: Athletic Club. Izan ere, futbola babestu, sustatu eta hedatzeko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute bi taldeek. Mikel Santiso Aurrerako presidenteak eta Martin Urrejola Athleticeko talde hitzartuetako harreman instituzionalen arduradunak zapatuan [urriak 23] San Mamesen egindako ekitaldian sinatu zuten bi taldeen arteko harremana indartzen duen akordioa.
Talde bilbotarrak eskainitako “gertutasuna eta interesa” eskertu ditu Aurrerako presidenteak, eta hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du. “Oso pozik gaude lortutako akordioagaz eta Athletic bidelagun izateagaz. Urte askoan eduki dugu lankidetza hitzarmena Athleticegaz, baina azken bi urtean hitzarmena berritu barik zegoen. Gure aurretik egon zen zuzendaritzak akordioa berritzeko negoziaketa batzuk eduki zituen, baina ez ziren akordio batera ailegatu. Zuzendaritza hartu eta hilabetera Athleticagaz negoziaketa zabaldu genuen, eta Lezaman egindako batzar batzuk egin eta gero, akordio batera ailegatu gara”.
Zerbitzu medikua ere eskainiko diete ondarrutarrei. “Jokalari guztiek Markina-Xemeingo kontsultara joateko aukera edukiko dute”
Santisok esan duenez, talde zuri-gorriarena ez da mahai gainean eduki duten eskaintza bakarra izan. “Beste talde batzuen eskaintzak ere eduki ditugu mahai gainean, eta talde garrantzitsu bategaz negoziaketan sartuta ere egon gara. Baina gure kirol elkartearentzako komenigarriena, gehien asebetetu gaituena eta gure profilera gehien egokitzen den eskaintza Athleticena izan da”.
Hitzarmenak hamar urteko iraupena du. Santisoren iritziz, halako hitzarmen luze bat beharrezkoa da proiektua epe luzera indartu eta hazteko. “Guretzako garrantzitsua da epe luzerako oinarri batzuk ipintzea, eta argi geneukan lankidetza hitzarmen hau oinarri bat zela. Klubaren egonkortasuna bermatu eta epe luzera begira lanean jarraitu ahal izateko egokiena zela iruditu zaigu. Esan digutenaren arabera Aurrera eskualdeko talde erreferente bat da. Ondarroa, gainera, futbol munduan leku estrategiko modura ikusten dute gaur egun, eta horregatik guztiagatik hamar urteko hitzarmena proposatu digute”.
Athletic Clubek Aurrerako harrobiko jokalariren bat fitxatu nahiko balu lehentasuna edukiko luke beti. Athletic Clubek, ordainetan, talde ondarrutarrari zerbitzu batzuk emango dizkio eta kirol proiektua ekonomikoki lagunduko du; urtero diru kopuru bat jasoko dute. “Kopuru hori aldakorra izango da. Beti ere harrobiko zenbat jokalari eraman dituzten eta horiek taldean duten aurreratzearen araberakoa izango da kopuru hori”.
Zerbitzu medikua ere eskainiko diete ondarrutarrei. “Jokalari guztiek Markina-Xemeingo kontsultara joateko aukera edukiko dute”. Eskola Kirolean diharduten taldeei eta entrenatzaileei formakuntza saioak emango dizkie talde zuri-gorriak. Era berean, teknifikazioa ere eskaniko diete, Athletic Clubak berak erabiltzen duen plataforma baten bidez. “Azken batean, euren funtzionamendua erakutsiko digute. Entrenatzaileek hortik teknika, taktika, entrenamenduak, psikologia, nutrizioa eta beste hainbat gai ikasteko eta garatzeko aukera edukiko dute”.