Arriaga "oso pozik" geratu da 'Kandelak' ikuskizunaren estreinaldiagaz
Joan den zapatuan [urriak 30] aurkeztu zuen obra berria artista markina-xemeindarrak. Garazi Etxabururen dantza "ikusgarria" izan zela azpimarratu du.

Inguru paregabean eta publiko zabalagaz inguratuta estreinatu zuen zapatuan [urriak 30] Kandelak obra berria Jose Pablo Arriaga eskultore eta artista markina-xemeindarrak. Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarrak lagundu zion Arriagari bere lana ezagutarazten Bidarte Dorrea Parkean eskaini zuten dantzaldiaren bidez. Arriaga “oso pozik” geratu da ikuskizunaren emaitzagaz; Etxabururen dantza “ikusgarria” izan zela azpimarratu du.
“Kandela handi bat piztu nuen eta horri esker irten zen ondo dena, baita eguraldia ere”, azaldu du umorez artista markina-xemeindarrak. Izan ere, euririk egin ez zuenez, aurreikusita zeukaten modura, Bidarte Dorreko Parkean, aire librean, eskaini ahal izan zuten emanaldia, eta Etxaburuk bedar gainean egin ahal izan zuen dantza, jendeak ikuskizuna bere eserlekuetatik jarraitzen zuen bitartean. “Horrelako parke eder baten ikuskizuna oso polita geratu zen”.
Markina-xemeindarrez gainera, ikuskizunak inguruko jende asko bildu zuen, eta publikoaren erantzunagaz ere gustura geratu da Arriaga. “Orokorrean jendeari asko gustatu zitzaion eta ikusleak pozik ikusteak norbera ere asko pozten du”.
Emaitza horren ona lortu izanak, aurrera jarraitzeko gogoa piztu dio Arriagari, baina, oraingoz, ez daukate Kandelak beste nonbait eskaintzeko aurreikuspenik. Ordea, abenduaren 4an, Oihalezko Teilatua ikuskizuna eskainiko dute Euskaldunan, Mendi Film jaialdiaren baitan.