Saia Goait taldeak diru bilketa kolektiboa hasi du disko berria finantzatzeko
Dagoeneko grabaketak egiten ari direla esan dute. Bigarren lana ere Mutrikuko AME estudioan ari dira grabatzen.

Saia Goait musika talde mutrikuarrak 2019an argitaratu zuen lehendabiziko lana (Saia Goait). Orain, baina, bigarren diskoa grabatzen hasita daudela-eta herritarrei babesa eskatu diete; bigarren lana finantzatzeko Internet bidezko diru bilketa jarri dute abian.
Nahiz eta iazko azaroan lehenengo diskoaren aurkezpen birarekin hasi ziren, dena eten beharra eduki zuten. “Pandemia dela eta, 2020. urtean diskaren aurkezpen birako kontzertuak bertan behera geratu ziren, baina bitarte horretan ez gara geldirik egon. Izan ere, entsegu lokalean kanta berriak sortzen eta lantzen aritu gara mimo handiarekin. Hori dela eta, aurten gure bigarren diska grabatzeko erabakia hartu dugu”. Lehenengo lanarekin modura, Mutrikuko AME estudioan ari dira grabaketak egiten. Esan dutenez, “inoiz baino gogotsuago eta ilusioz beteta” ekin diote bigarren lanari.
Gainera, diru bilketan parte hartzen dutenei diskoa primizian emango dietela esan dute. “Zuen laguntzari gure eskerra bueltan emateko, diska berria primizian jasotzeaz gain, opari sorta ezberdinak egongo dira eskura. Animatzen zareta proiektu honen parte izatera?”.