Lekeitioko bi txakur jaberi espedientea zabaldu diezaiekete, arau hausteengatik
Hiru espediente zehatzaile zabaltzeko prozesuak hastea eztabaidatuko dute egueneko osoko bilkuran; txakur jabe bati, gainera, zigorrra ere ipiniko diote.
Eguenean egingo dute osoko bilkura Lekeition, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Eta bilera horretan landuko dituzten gaien artean daude bi txakur jaberi espediente zehatzaileak zabaltzea. Herritar bati (J.M.C.S.B.) bi espediente zehatzaile zabaldu diezaioke udalak urriaren 8an eta 26an bere jabegoko txakurra solte eta zaintza barik ibiltzeagatik. Beste herritar bati (J.A.Z.U.) bere jabegoko txakurra zaintza barik lau orduz kaleko eserleku bati lotuta uzteagatik zabaldu diezaioke espedientea; azken hori urriaren 15ean gertatu zela dio udalak.
Horrez gain, osoko bilkurako gai ordenean jasota dagoenaren arabera, J.M.C.S.B. herritarra zigortu egingo dute iazko azaroaren 20an eta aurtengo urriaren 27an txakurra soleta eta zaintza barik ibiltzeagatik.
2022ko Ordenantza Fiskalei buruz ere ariko dira osoko bilkuran, eta mozio bat ere bozkatuko dute (Migraziorako Itun Soziala: Jaso nahiko genukeena eskaintzea).