Maderas de Lekeitioko "gune arriskutsuenak" eraisten ari dira
Lekeitioko Udalak errekerimendu bat bidali zion jabeari. Ia 900.000 euroko kostua edukiko dute desegite lanek.

Maderas de Lekeitio zenaren zati bat botatzen ari da egungo jabea. Lantegia itxi zenetik, gune hori abandonatuta egon da, eta Lekeitioko Udalak bertatik igarotzen zirenentzako arriskutsua zela ikusten zuen. Hori dela eta, udalak eremu arriskutsuenak eraisteko eskatu dio jabeari, eta errekerimendua betetzen ari da.
Koldo Goitia Lekeitioko alkateak argitu duenez, aspalditik zetorren segurtasun arazo bat da. “Umeak ibiltzen ziren jolasten barruan eta erre ere egin zen orain dela hiru bat urte. Hori dela eta, gune horrek zeukan arriskua saihesteko errekerimendu bat bidali genien jabeei, eta segurtasunari buruz ari garenez, errekerimendu hori betetzera behartuta daude legez”.
Segurtasuna bermatzeko Maderas de Lekeitioko igarobidea debekatu zuen jabeak 2018 urtean; ingurua hesitu eta zaintzaileak ere jarri zituzten barrura sartzea eragozteko. Baina, neurri horiek ez dira nahikoa udalaren ustez. “Behin eta berriro esan diegu jabeei inguru horretatik jende asko ibiltzen dela, eta edozein momentutan haize bolada batek eraginda teilatu zati batek edo beste edozein elementuk istripuren bat sor zezakeela”.
Zentzu horretan, ikerketa bat egin zuten desegin beharko dituzten puntu kritikoak zeintzuk ziren zehazteko. Horrez gain, kutsadurarekin lotutako beste zenbait elementu ere kontuan hartu behar direla zehaztu du alkateak, uralita batez ere. “Egin beharreko lanak dira, eta derrigortuta daude egitera. Eurak egin ez balute, udalak egingo zituen lan horiek eta jabeari faktura pasatu”.

Arrisku gehien eragiten duten eraikinak botatzen ari dira.
Alkateak jakinarazi duenez, ia 900.000 euroko kostua edukiko dute desegite lan horiek; teilatuak eta zuntz zementua kendu eta jausteko moduan zeuden eraikin batzuk botako dituzte besteak beste. “Honek ez du esan nahi lan hauekin amaitu dela Maderasen eraispena. Hau berehala egin beharreko premiazko lehenengo fasea da, segurtasuna ziurtatzeko bai ala bai egin behar dena, baina apurka-apurka jabea dena eraisten joan beharko da”.
Deskontaminazioa. Izan ere, lur horiek industria-jarduera bat eduki duten heinean, litekeena da kutsatuta egotea. “Gasolindegi bi egon dira kamioiak hornitzeko, argia egiteko transformadore bat eta egurra tratatzeko likido bereziak erabiltzen zituzten. Ikerketa ez da egin oraindik, baina printzipioz ematen du lur eremu horretako behegaina kutsatuta egon litekeela”. Deskontaminazio lan hori jabeak egin beharko du, eta Eusko Jaurlaritzak egingo dio jarraipena.
Alkatearen arabera, Maderas dagoen eremu hori estrategikoa da Lekeitiorentzat. “Eremu estrategikoa da bai ingurumenari lotutako proiekturen bat garatzeko, eraztun berde bat sortzeko, paseatzeko edo egoteko leku bat eratzeko, ibilgailuak uzteko, autokarabanentzako aparkaleku bat egiteko edo herriari beste irteera bat emateko… hainbat aukera eskaintzen ditu”.