Rokodromoa zabalduta kirol eskaintza handitu dute Ispasterren
Instalazioak frontoi barruan daude, bi gunetan banatuta. Kantxaren alboko gela batean dagoen rokodromoa erabiltzeko aurretiaz txanda hartu behar da.

Ispasterko Udalak rokodromoa eraiki du. Bi gune bereizi dituzte; bata, probalekuaren ondoan, eta bestea, beheko solairuan, kantxaren parean dagoen gela batean.
Udalerrian zegoen beharrizanari erantzuna eman diotela zehaztu du GarbiƱe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak: “Herriko umeen artean zaletasuna zegoela ikusi genuen. Esaterako, herriko ume batzuk beste herri batera joaten ziren. Gainera, programa aurkeztu genuenean, herritar batek rokodromo bat herrian egitearen eskakizuna egin zuen. Frontoian lekua edukita, proektua egin ahal zela ikusi genuen”.
Rokodromoaren erabilerarako arautegia amaitzen ari da udala. Goikaldeko rokodromoa, probalekuan dagoena “librea da”, baina, beti ere, arautegian ezarritakoa bete beharko dute erabiltzaileek. “Umeek pertsona nagusi baten ardurapean egon beharko dute”.
Beheko rokodromoan aritzeko, ostera, aurretiaz izena eman beharko da. Kantxaren eta gimnasioaren erabilerarako egiten duten modura, udalaren web orrialdean dagoen plataformaren bidez txanda hartu beharko da.
Bestalde, Ispasterko Eskolako guraso elkarteak eskolaz kanpoko ekintza modura antolatu du eskalada ikastaroa, eta beraz, eurek erabiltzen duten orduan ezin da erabili. Hain zuzen, astelehenetan eta eguenetan emango dute ikastaro hori. “Ume pila bat aurkeztu dira”.
Halaber, herrian zaletasuna pizteko, ikasturteko udal-ikastaroen barruan sartzeko aukera aztertzen ari dira: “2022rako badaukagu asmo hori. Monitoreekin berba egiten ari gara”.
Diru laguntzen zain. Instalazio berri honetarako 34.000 bat euroko (BEZ barne) aurrekontua eduki dute. Bizkaiko Foru Aldundiak abuztuaren amaieran dekretu berri bat atera zuen udalaz gaindiko kirol instalazioetan inbertsioak egiteko, eta diru laguntza horretara aurkeztu da Ispasterko Udala. Oraindik ez daukate horren ebazpena, eta beraz, ez dakite zenbat diru jasoko duten. Gehienez %75 ematen dutela zehaztu du alkateak.
Diru laguntza deialdi horretara aurkeztu aurretik, Eusko Jaurlaritzak Erein departamentuaren bitartez ateratzen dituen Leader herrien azpiegituretarako, oinarrizko zerbitzuetarako eta berritzeko inbertsiotarako laguntzetara ere aurkeztu ziren. “Deialdi horretara bi proiektu aurkeztu genituen; bata rokodromoarena, eta bestea Kurtxia auzoko parkea edo aisialdi gunearena. Oraindik ez daukagu horren ebazpenik”. Kurtxian jolas parke hori egokitzeko 14.000 euroko aurrekontua eduki zuten. Bertako zelai batean aurretik zegoen atseden gunean, material naturalekin egindako zabuak ipini zituzten udaberrian: “Ume asko batzen da inguru hartan, eta betiko zabuak ipini ordez, bertako inguruagaz erlazionatutakoak ipini genituen. Beste mota bateko jolas-gunea da. Bertako umeek argazki bat bidali ziguten eurentzat gune polit hori ipintzeagatik eskerrak emanez”.